Azaroak 25

"Guatemalan, haurdunaldietako asko 20 urtetik beherakoen artean izaten da"

Aritz Maldonado

Maria Elisabeth Porras, Durangon.

Maria Elizabeth Porrasek hogei urtetik gora daramatza Bizkaiko Medicus Mundigaz kanpainak eta proiektuak koordinatzen; indarkeria matxisten aurka eta emakumeen osasunaren eta eskubideen aldeko borrokan murgilduta dago. Durangoko Udalak harrera egin zion martitzenean, ANBOTOgaz batu eta gero; eta iluntzean berbaldia eman zuen Iurretan, Anderebidek eta Auskarik elkarregaz antolatutako topaketan. Indarkeria matxistari aurre egiteko estrategiez berba egin zuen, eta hitzaldira joandakoei Guatemalako esperientziak azaldu zizkien. "Ea hotela gustuko dudan galdetzen didatenean, lo egiteko baino erabiltzen ez dudala erantzuten diet", esan zuen barre artean. Topaketagaz, Anderebidek eta Auskarik Iurretan egiten duten lana azpimarratu gura dute antolatzaileek. Porras mediku zirujaua eta hezkuntzan doktorea da eta esperientzia handia du genero indarkeria osasun arazo legez lantzen. 

Medicus Mundik ia hamarkada bi daramatza Guatemalan proiektuak garatzen. Zerk egin du hobera urteotan?
Zehazki esateko, Medicus Mundik hamazortzi urte daramatza Guatemalan emakumeekin lan egiten. Emakumeen eskubideen alde lan egiten duten elkarte eta erakundeekin lan egiten dugu; zelanbait esateko, terrenoa prestatzen dugu. Aipatu beharra dago Guatemalan emakumeak oso antolatuta daudela, herrialde osoan zehar oso elkarte indartsuak daude.

Elkarte horiek badute hartu-emanik erakundeekin?
Ez, GKEak dira nagusiki, edota herritarrenak. Medicus Mundik zuzenean lan egiten du tokiko elkarteekin. Elkarlan horiek ez dira betiko, baina herritarrak ahaldunduz gero eurek ematen dizkiete bizia eta jarraipena proiektuei Medicus Mundi bertan ez dagoenean. Emakumeen aurkako biolentziaren inguruko pertzepzioa aldatzeko hasi ginen lanean. Ordura arte, gure herrialdean inork ere ez zuen osasun publikoaren arazo legez hartzen emakumeen aurkako biolentzia. Eta orduan esan genuen: "Guk bakarrik ez, osasun sistema publikoak ere osasun arazo publiko legez hartu behar du, eta baita herritarrek ere; horrela ulertu behar dute, gero osasun publikoagaz zerikusia duten eskubideak exijitu ahal izateko". Caimus delakoaren (euskaraz, Indarkeria Jasan Duten Emakumeentzako Arreta Integraleko Zentroak) sorkuntzan parte hartu dugu, besteak beste; bertan, emakumeek arreta osoa jasotzen dute: arreta medikoa, psikologikoa, legala eta baita ekonomikoa ere. Urteotan zenbait protokolo ipini da martxan alor askotan, eta Medicus Mundik horietariko askotan parte hartu du, gehiago edo gutxiago. Orain, Instituto Nacional de Estadisticaren bitartez, ahalegin bat egiten gabiltza datu guztiak gurutzatu eta erregistro bakar bat sortzeko. Badakigu gatxa dela, urteetarako prozesua dugula aurretik, eta ez dela erraza erakundeak ados ipintzea, baina horretarako gabiltza lanean. Gure helburua biktimak berriro biktima ez bihurtzea da. 

Gehien landu dugun gaietariko bat da hori. Bestalde, prebentzio lan ugari ere egin dugu. Guatemalan, nerabeen haurduntze tasa handia dugu. Legez, 14 urtetik beherakoekin sexu harremanak abusutzat hartzen dira. Baina horietariko asko haurdun geratzen dira, gainera. Eta herrialde osoan gertatzen da, herririk herri, departamenturik departamentu. Hain zuzen ere, haurdunaldietariko asko 20 urtetik beherakoen artean izaten da. Oso ama gazteak dituen herrialdea da Guatemala. 

Prebentzioa lantzeak garrantzi handia izango du Guatemalan ere.
Bai, jakina. Biolentziari alde horretatik ere begiratzen diogu. Bestalde, biolentzia sinboliko legez izendatzen duguna ere aztertu dugu. Biolentzia hori, agerikoa ez denez, ikusten ez denez, zelanbait esateko, badirudi ez dela existitzen. Biolentzia sinboliko horrek bestelako biolentzien gauzak ditu. Hemen, Bilbon, kanpaina bat egin zen eta datu interesgarriak argitaratu ziren, komunikabideen jardunak, zinemak eta bestelakoek iruditerian eta estereotipoen eraikuntzan zuten eraginaz. Neskengan eragin itzela dute argaltasunari dagokionez. Hau da, argal egotea eder egotea dela erakutsi digute, ezta? Bada, beldurgarria da zenbat neska dagoen dietan nerabe sasoian, hazteko eta ondo elikatzeko garaia dutenean, hain zuzen ere. Elikadura-nahasmenduak izugarri hazi dira Estatu Espainiarrean, bulimia, anorexia eta halakoak, eta hori neskei estereotipo konkretu batzuei jarraitu behar dietela erakusten zaielako da. Guatemalan ez da horrelako ikerketarik egin, eta, beraz, ez dago daturik, baina adin txikikoen artean kirurgia modan ipini da, eta arazoa orokorra dela jakina da.

Kirurgia estetikoak?
Bai, gure herrialdeetan [Amerikaz ari da] ohikoa da hamabost urtegaz opariak ematea. Baina, esan dudan moduan, modan ipini da hamabost urteko nerabeei kirurgiak oparitzea, eta diozu: "Baina zer gertatzen zaie?". Jainkoarren, chiquita horiek oraindino ez dira guztiz osatu, eta boobieak ipini dituzte (titiak handitu dituzte)! Oso konplexua da emakumearen aurkako indarkeriaren gaia. Guatemalan lege bat dugu, Feminizidioaren Legea deritzona. Zelanbaiteko babesa sortzeko baliagarria da, baina asko dago egiteko, asko, Estatua bera ez dagoelako prest. Beraz, badaukagu lege bat, baina asko falta da lege hori egikaritzeko. Oraindino feminizidio asko dago Guatemalan, eta inpunitate tasa ikaragarria da.

Ez duzue lan makala egiten.
Azken urteotan, gainera, biolentzia obstetrikoaren gaiaz ere aritzen gara. Arazo honek beste geruza bat du, gainera. Nabarmen uzten du osasun sistema publikoa, zelanbait esateko. Ez diot hori bakarrik denik arazoa, ezta gutxiago ere, izan ere, ni medikua naiz. Medikuak akusatuta sentitzen dira, gaiaz berba egiteko moduaren arabera, eta, beraz, erronka bat dago hor ere. Eta hor ere prebentzioa da gakoetariko bat. Garrantzitsua da profesionalekin lan egitea, bai gaur egungo mediku, erizain edo gizarte langileekin, eta baita trebatzen dabiltzanekin ere. Guatemalan, gainera, Konstituzioak onartzen dituen lau herri daude, eta, adibide bat ematearren, maiak dira horietariko batzuk; 23 hizkuntza dituzte, eta, gainera, medikuntza tradizionalak pisu handia du. Emaginaren irudiak garrantzi handia du kasu horretan, eta aliatu handiak dira guretzat. Ministeritzaren protokolo batek aitortzen du erdi-urren dauden emakumeek eskubidea dutela emagin batek laguntzeko; baina errealitatean emaginei atea ixten diete, eta emakumeak bakarrik geratzen dira. Beraz, askotan, berez idatzia dagoena betetzea eskatzen dugu. Emaginen kasuan, ondo antolatuta daude, eta urteekin Emaginen Legea onartzea lortu dute. Horrek arazo batzuk konpontzea ekarri du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!