Mendibeltzek 100 sari baino gehiagoko zozketa solidarioa antolatu du

J.D.

Errifak bihartik (azaroak 20) aurrera eskuratu daitezke euro batean.

Mendibeltz areto futbol taldeak hainbat ekintza solidario antolatu ditu urtez urte, baina aurtengoak marka guztiak apurtuko ditu, zotz egiteko 100 sari baino gehiago lortu dituztelako. Errifa bakoitzak euro bat balio du, eta bihartik (azaroak 20) aurrera eskuratu ahal izango dira. Horretarako, Mendibeltzeko kideekin harremanetan jarri edo taldeko instagram kontura mezu pribatu bat bidali beharko da. Astelehenetik aurrera Durangoko Kuttun tabernan, Degustacion Lorenan egongo dira eskuragarri. Aurrerago baliteke beste toki batzuetan ere eskuragarri jartzea, antolatzaileen esanetan. Ekimenarekin batutako diru guztia Angelman Sindromea Elkartearentzat izango da.

Zozketarako sariak ematen lagundu dutenen artean, kirolari ezagun ugari daude, hala nola Oihana Azkorbebeitia mendiko korrikalaria, Ander Capa, Irene Ogiza, Ane Azkona, Lander Olaetxea eta Iker Unzueta futbolariak, Alex Txikon alpinista eta Itsaso Erasun eta Lur Ziarrusta pilotariak. Eskualdeko kirol taldeek ere bat egin dute ekimenarekin, tartean DRTk, Tabirakok eta Durangoko Kulturala klubek. Eskualdetik kanpoko kirol erakundeek ere egin dituzte ekarpenak, besteak beste Fuenlabrada saskibaloi taldeak, INEOS txirrindularitza taldeak eta Londresko Clapton futbol klubak.

Kulturaren munduko hainbat lagun eta taldek ere parte hartu dute, tartean Soziedad Alkoholika, KSKA, Reincidentes eta EH Sukarra musika taldeek, baita Jon Maia bertsolariak eta Juan Gómez Jurado idazleak ere. Horiez gainera, arropa dendek, ostalaritzako establezimenduek eta beste hainbat saltokik eta zerbitzuk eman dituzte sariak. Antolatzaileek aurreratu dutenez, oraindik beste hainbat ekarpen konfirmatzeko daude.

Zozketa abenduaren 27an

Zozketa abenduaren 27an egingo dute, baina oraindik ez dute jakinarazi zein ekitaldiren inguruan antolatu duten. Hori datorren astean argituko dute, sare sozialen bidez egingo duten iragarpen batean.

Iaz ere ekimen solidario bat bultzatu zuten Mendibeltzek eta Gu Lagunak elkarteak, Palestinaren aldeko kamisetak aterata. Egitasmo horren bidez 6.000 euro bildu zituzten, eta UNRWAri eman zioten dirua, Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziari.

ZOZKETARAKO SARIAK EMAN DITUZTENEN ZERRENDA

Euskal kirolariak:

  • Pello Gutierrez: Euskadiko boxeo txapelduna
  • Oihana Azkorbebeitia mendi korrikalaria
  • Itxaso Arandia: Europako OCR txapelduna (25-29 urte artean)
  • Ander Capa: Athletic-eko jokalari ohia
  • Irene Oguiza: Athleticeko kapitaina
  • Lur Ziarrusta: Munduko Wallball txapelduna
  • Gaizka Larrazabal: Bolton Wanderers-eko jokalaria
  • Sara Alonso: Skyrunner World Series txapelduna
  • Lander Olaetxea: SD Eibarko jokalaria
  • Arantza Moreno: Espainiako xabalina txapelduna 
  • Ian Blanco eta Adri Villanueva: 21. postua HYROX Europe eta 3 bider munduko txapelketan
  • Janire Gonzalez: ISA World Surfeko txapelduna
  • Anne Erauskin: Bera Bera eskubaloi klubeko jokalaria
  • Iker Unzueta: CD Mirandes taldeko futbolaria
  • Mikel Sanz: Palako munduko txapelduna
  • Ane Azkona: Athleticeko jokalaria
  • Larraitz Aragon: mendi korrikalaria
  • Mirene Moreno: Errotabarri eskubaloi klubeko jokalaria
  • Itxaso Erasun pilotaria: San Fermin eta Master Laboral txapelketetan txapelduna
  • Alex Txikon: Alpinista
  • Jonmi Magunagoitia: SD Eibarreko jokalaria

Kirol taldeak

  • Durango Rugby Taldea, Tabirako, Sasikoa, Durangoko Kulturala, Mugarra Triatloi Taldea, Ezkurdi futbol kluba, Gu Lagunak, Mendibeltz, Zaldua saski, Etxe Ermuko txirrindularitza kluba, Basamortu futbola (Erandio), Iraultza 1921 futbola (Gasteiz), C.D. Berriz, Elorrioko Buskantza, Arratia ziklista elkartea, Matienako Gudariak areto futbol taldea, Euskal Pilota Federazioa, Leioa Herriko Taldea areto futbola, Gernika Saski, Gorbeia Suzien mendi lasterketa, Ariz futbola (Basauri), C.D. Arratia, Euskal Futbol Federazioa, Fuenlabrada Basket, Eskozia La Brava futbola (Eibar), Ganbarru txirrindularitza taldea, Iurretako futbol kluba, Gertasport, Ineos Team, Indar Baskonia.

Futbol herrikoia

  • C.E. Europa (Bartzelona), Clapton futbola (Londres), U.C. Ceares (Xixon), Tarraco (Tarragona), Ciudad de Murcia, Independiente de Vallecas.

Kultura, musika

  • Urte Barri On, Nevadah, Streetwise, KSKA, Ezta Ilen, Gar, Arene 6, Soziedad Alkoholika, Sweet Rage, Reincidentes, Añube, Biznaga, Peiremans, Kristonak, Galazota, EH Sukarra.

Kultur mundua

  • Juan Gomez Jurado, Mikel Santiago, Jon Maia, Arantzarte Dantza Taldea, Skinheads Portu

Arropa

  • Errea, Rebel Class, Atxandigaina, Otso Think Sport

Zerbitzuak

  • Tabira Etxea, Urbasa, Bira, Asador Botafumeiro, Les Villes, Martxel Burger, BB'S Cafe, El Korner, La Gipuzcoana, Grace Erika, Hotel Areatza, Silken Gran Hotel Durango, Boga, Vinoteca Arroiabe, Zuhaitz Etxeak, Horel Orduña Plaza, La Tienda Comprometida.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!