Mendibeltz eta Gu Lagunak taldeek 569 kamiseta saldu eta 6.000 eurotik gora batu dituzte Palestinari laguntzeko

Anboto 2025ko urr. 28a, 17:37

Batutako dirua UNRWAri emango diote, Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziari.

Durangoko Mendibeltz eta Gu Lagunak areto futbol taldeek Palestinaren alde dirua batzeko egindako kanpaina arrakastatsua izan da. 569 kamiseta saldu eta 6.257 euro batu dituzte. "Ez genuen espero halako erantzunik. Gaur hitz bakarra daukagu: eskerrik asko", adierazi dute sare sozialetan. Batutako dirua UNRWA agentziari emango diote.

Kamiseten eskaerak Euskal Herritik (Durangalde, Aizarnazabal, Algorta, Amurrio, Araia, Arrigorriaga, Azpeitia, Barakaldo, Bilbo, Busturia…) nahiz kanpotik jaso dituzte: Madrildik eta Cadiztik, esaterako.

Azaroaren 15ean Euskadik eta Palestinak lagunarteko neurketa jokatuko dute San Mames futbol zelaian eta kamisetak egun horren aurretik banatzea nahi zuten, baina apur bat atzeratuko da. "Kamisetak egiten dituen enpresak gaur baieztatu digu azaroaren 20rako prest egongo direla”, azaldu dute. Kamisetak heltzen direnean "ahalik arinen" hasiko dira banaketa eta bidalketarekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!