Modu horretan, negozio-bulegoak etxebizitzetatik lonjetara lekualdatuta, herritarrek etxebizitza "eskuragarriago" izango luketela defendatu du koalizioak: "Ermodo, Zumalakarregi eta Barandiaran kaleetan, besteak beste, solairuartekoetan eta lehen solairuetan kokatutako merkataritza-jarduerak daude. EH Bildutik, jarduera horiek beheko solairuetako lokal hutsetara eramatea erraztea proposatzen dugu, laguntzen, zerga-hobarien eta lekualdaketa bideragarri egingo duten pizgarrien bidez", proposatu du koalizioak. Formula horrek lehendik dauden espazioak "aprobetxatzeko" aukera emango lukeela, eta, bide batez, kaleetako merkataritza aktibitatea bizituko lukeela adierazi dute.
Bestalde, koalizioak ñabardura bat egin dio udalaren inkestari, hau da, lokal hutsetan etxebizitzak egiteari buruzkoari. EH Bilduk dio "aukera guztiak" aztertu behar direla etxebizitza aukeraren mesedetan, baina beti ere "funtsezko galdera bati erantzunda": "Zenbat etxebizitza sortuko dira, zer preziotan eta nork ordaindu ahal izango ditu?". Koalizioak gaineratu duenez, udalaren txostenak "etxebizitzen bizigarritasunarekin, argiztapen eta aireztapen faltarekin, lonjen balizko garestitzearekin lotutako arriskuak" identifikatzen ditu, hain zuzen ere.
"Aukera publikoa"
EH Bilduk etxebizitza-politika "zabalagoa" defendatu du: alokairu publikoko
etxebizitza-parkea handitzea, alokairu eskuragarria sustatzea, prezio
eskuragarriei lotutako birgaitzea erraztea eta lokal zein espazio hutsak modu
planifikatuan aprobetxatzea. "Ez gaude lehendik dauden espazioak aprobetxatuz etxebizitzak sortzearen aurka", esan dute. "[Hori] plangintzarekin, bizigarritasun-bermeekin eta eskuragarritasuna bermatzeko benetako neurriekin egitea defendatzen dugu", gaineratu dute.