Durangoko Udala ordenantza bat prestatzen dabil herriko lokal hutsak etxebizitza bihurtu ahal izateko. Kontsulta publikoa egin dute horretarako, eta 130 durangarren erantzunak batu dituzte: inkestan parte hartu dutenen % 75 prest agertu da etxabe batean bizitzeko, beti ere kalitate estandarrak beteko balira. %83k esan du bizitoki modura erabili daitekeen lokalen bat ezagutzen duela eta % 70ak uste du gaur gaurkoz oztopoak daudela lokal hutsak etxebizitza bihurtu ahal izateko.
Parte hartzaileen berbetan, Landako, Txibitena, Madalena eta Zabalarra inguruetako lokalak lirateke helburu horretarako aproposenak. Txanponaren beste aldean, aldiz, Alde Zaharra eta Erdigunea kokatu dituzte, etxebizitzak han kokatzeak merkataritzari negatiboki eragingo liokeelakoan. Horren harira, 43 parte hartzailek esan dute erabilera aldaketa horrek mugak izan beharko lituzkeela; 47k ezetz uste dute, eta 37k ez dute erantzun.
Etxebizitza hutsak
Lokal komertzialetatik harago, Durangoko Udalak etxebizitzaren arloko beste neurri bat ipini du indarrean: 40.000 euro bideratuko ditu etxebizitza hutsak egokitzeko lanak finantzatzera. Modu horretan, etxe jabeak Eusko Jaurlaritzako Bizigune programan izena ematera animatu gura dituzte. Mireia Elkoroiribe alkateak azaldu duenez, "helburua hutsik dauden etxebizitzak alokairu sozialera bideratzea eta dagoen etxebizitza-parkea hobeto aprobetxatzea" da.