Durangoko Udaleko ordezkariak herritarrekin batuko dira eguen honetan, herritarrei adinekoen beharrizanei buruzko diagnostikoa aurkezteko. Bertan, publiko egingo dituzte etorkizuneko zentroaren erabilera eta funtzionamendu ezaugarriak. Topaketa Elkartegian egingo dute 16:30etik aurrera. Bilera amaitzean, bisita gidatua egingo dute Saibi kaleko eraikinera, hain zuzen ere, etorkizunean adinekoen zentroa hartuko duen instalaziora.
Izan ere, kontua ez da berria. Durangoko gobernu taldeak 2025ean agertu zuen Saibi kaleko eraikinean adinekoen zentro berri bat atontzeko asmoa. Aurtengo martxoan, parte hartze bidezko prozesu bat hasi zuen herritarrekin, eta eguen honetan, prozesu horren ondorioak aurkeztuko ditu. Udal iturriek nabarmendu dutenez, martxotik udarako prozesuan 300 bat herritarrek bete zuten udalaren inkesta, 40 bat herritarrek parte hartu zuten ekaineko topaketan, eta dozena bat elkartek baino gehiagok plazaratu zuten beren iritzia.
Parte hartze bidezko prozesua amaituta, udalak proiektua idatziko du. 50.000 euroko diru-atala gorde dute horretarako.