Lehen pausoa, Saibi kaleko eraikinean adinekoen zentro berria eraikitzeko

E.H. 2026ko martxoaren 24a

Durangoko Udalak adinekoen zentroa egingo du Saibi kalean, garai bateko Udal Euskaltegian. Faseka gauzatuko du proiektua, eta parte hartze prozesu bat hasiko du orain, etorkizuneko azpiegituraren eremuak, zerbitzuak eta funtzionamendua definitzeko.  

Diagnostiko horrekin, adineko durangarren beharrizanak identifikatuko dituzte. Eta behin hori eginda, udalaren ikuspegi teknikoarekin bateratuko dituzte iritziok. Informazio hori guztia zentro berriaren diseinurako, zerbitzuetarako eta kudeaketarako baliagarri izatea gura du udalak. Hori horrela, hiru galdetegi prestatu dituzte. Herritarrei begirakoa da bata, adinekoei begirakoa gehienbat; udal teknikarientzat da bigarrena, zerbitzu publikoen aukerak eta mugak aintzat hartzen dituena. Eta elkarteei eta erakundeei begirakoa hirugarrena, zentroan egin daitezkeen lankidetzak identifikatzeko. 

Galdetegiok durango.eus atarian zein Astarloa egoitzan, Bizenta Mogelen, kiroldegietan eta Otamotzena auzogunean bete daitezke, martxoaren 25etik apirilaren 24ra. Behin horiek beteta, maiatzean, udalak aurrez aurreko lan-saioak antolatuko ditu proposamenak zehazteko eta zentroari buruzko ideiak partekatzeko. Aurreratu dutenez, topaketetan arreta berezia izango dute adinekoek, zaintzaileek, udal-arloek eta elkarteek. 

Jesica Ruiz Herritartasun alorreko zinegotziak nabarmendu duenez, adinekoen zentro berria
legegintzaldiko "proiektu estrategikoetako bat da, udalak kolektibo horren ongizatearekin duen konpromisoaren adierazle. Parte-hartze prozesu hau aukera bat da Durangoko adinekoei zuzenean entzuteko eta, haiekin batera, haien beharrei, interesei eta bizimoduei benetan erantzungo dien zentro bat eraikitzeko", esan du. 

Udalak 50.000 euroko partida prestatu du parte hartze proiektua garatzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!