#0km

Durangoko merkataritza bonuen kanpaina, martxan bihartik aurrera

E.H.

Erakusleiho bat Durangoko Ermodo kalean. 

Txartelok bonoa.durango.eus atarian zein Durangoko Turismo Bulegoan erosi ahalko dira. Guztira, 11.028 txartel kaleratuko dituzte. Herritarren 15 euroko balioa eskuratuko dute 10 euroko txartela erosita. Kanpaina azaroaren 21era arte egongo da indarrean.

Durangoko Udalak eta Dendak Baik merkataritza bonuen kanpaina berria hasiko dute bihar, urriak 21. Herritarrek 10 euroan erosi ahalko dute bonu bakoitza, eta 15 euroko erosketa balioa lortuko dute horrela. Pertsona bakoitzak lau bonu erosteko aukera izango du gehienez, eta 60 eurora arteko balioa metatu ahalko du horrela. Txartelok interneten zein Durangoko Turismo Bulegoan erosi ahalko dira. Guztira, 11.028 txartel kaleratuko dituzte. 

Kanpaina azaroaren 21era arte egongo da martxan, eta udalak 55.140 euro bideratuko ditu egitasmora. Epe horretan erabiltzen ez diren bonuek balioa galduko dute, eta ez dute hurrengo edizioetarako balioko. Jesica Ruiz merkataritza zinegotziak nabarmendu duenez, egitasmoaren helburua herriko negozioen lehiakortasuna indartzea eta jarduera ekonomikoa bultzatzea da. Alex Palacios Dendak Baiko presidenteak erakunde bien arteko elkarlana txalotu du: "Kanpaina hauek tresna garrantzitsuak dira bezeroak erakartzeko, erosketak sustatzeko eta Durangon ditugun saltokien, ostalaritza establezimenduen eta zerbitzuen aniztasuna eta kalitatea gogorarazteko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!