Euskal Pilota Selekzioa Argentina eta Uruguain da egunotan, XX. Euskal Pilota Munduko Txapelketan parte hartzeko. Euskal ordezkaritzaren barruan, Helena Barrenetxea da eskualdeko ordezkari bakarra. Zesta-puntari durangarra 36 metroko frontoiko modalitatean ari da, buruz buruz, eta atzo sekulako lorpena eskuratu zuen: Munduko Txapelketako finalera sailkatu zen Frantziako Sorozabali irabazita.
Buenos Airesen jokatu zen partidua. Barrenetxeak galdu egin zuen lehen seta (13-15), baina hurrengo biak irabazi zituen: 15-10 eta 10-3. Bigarren setetik aurrera lasaiago jokatu zuen eta bere jokoa egiten hasi zen, pilota airez hartuz, eskuinarekin hutsuneak bilatuz eta gero eta gehiago nagusituz. Hirugarren setean bere mailarik onena erakutsi zuen. Modalitate honetako finala barikuan (urriak 23) jokatuko da.
Gizonetan Aritz Erkiagak bi setetan menderatu zuen Bailo espainiarra: 15-13 eta 15-11.
Hona Euskal Selekzioak atzoko jardunaldian lortutako emaitzak:
- Emakumezkoen gomazko paleta (30 m): Nagore Martín (Euskadi) 1 – Sabrina Andrade (Argentina) 2
(15-12, 10-15, 8-10) - Emakumezkoen banakako zesta-punta: Helena Barrenetxea (Euskadi) 2 – Sorozabal (Frantzia) 1 (13-15, 15-10, 10-3)
- Gizonezkoen frontballa: Mikel Aurrekoetxea (Euskadi) 2 – Vazquez (Bolivia) 0 (10-2, 10-2)
- Gizonezkoen banakako zesta-punta: Aritz Erkiaga (Euskadi) 2 – Bailo (Espainia) 0 (15-13, 15-11)
- Gizonezkoen gomazko paleta (30 m): Julen Loidi (Euskadi) 2 – Bellido / Yupanqui (Peru) 0 (15-9, 15-13)
- Xarea: Xuban Lopetegi eta Oier Iturbe / Markel Mujika (Euskadi) 0 – Driolet eta Lafargue (Frantzia) 2
(5-15, 5-15) - Parapilota (36 m): Sergio Rodriguez eta Beñat Lizaso (Euskadi) 2 – Pontes eta Da Silva (Brasil) 0 (15-1,
15-5) - Larruzko paleta: Ander Landeta / Iñaki Urrutia eta Ibai Pérez (Euskadi) 0 – Marcos Pérez eta Javi Labiano (Espainia) 2 (6-15, 11-15)