Durangoko Jaiak 2026

"Urtero bertan sortzen den giroak egiten du berezi txosnaguneko paella txapelketa"

J.D./A.B.

Veronica Hilera eta Aritz Larrubia, paella txapelketa irabazi ondoren.

San Fausto eguneko paella txapelketa Durangoko txosnaguneak antolaturiko ekitaldirik jendetsuenetariko bat izaten da. Hala erakutsi zuten paella puntu-puntuan egon zedin dena emateko prest joandako sukaldari eta laguntzaileek. Egun eguzkitsuak lagunduta, giro ederrean ekin zioten lehiaketari. Guztira, 25 kazola aurkeztu zituzten, eta paella horien guztien artean Veronica Hilerak, Aritz Larrubiak eta haien lagun kuadrillak prestaturikoa aukeratu zuen Geu Be elkarteko kideek osaturiko epaimahaiak. Bazkaldu aurretik, Aritz Larrubiak ANBOTOren galderei erantzuteko tartea hartu zuen.

Lehenengo eta behin, zorionak!
Eskerrik asko.

Itxaroten zenuten zuen paellak irabaztea?
Probatu dugunean konturatu gara oso ondo prestatuta dagoela, paellak zapore ona duela. Inoiz ez duzu irabaztea itxaroten, baina bagenekien ona zegoena eta itxaropen txiki bat izan dugu.

Urtero parte hartzen duzue?
Ez, aurten lehenengoz parte hartu dugu. Ez gara urtero animatzen diren horietarikoak, biharamunean lanera joan behar da eta. Baina aurten kuadrilla handia elkartu gara eta egun osorako plana antolatu dugu. Arratsaldean erreka jaitsierara joango gara. Helduak eta umeak batuta, 30 bat lagun elkartu gara.

Zer du berezia txosnaguneko paella txapelketak?
Urtero hemen sortzen den giroak egiten du berezi, jai alternatiboetan parte hartzeko prest elkartzen den jende guztiak. Eskertzekoa da txosna batzordeak urtero antolatzen duen egitaraua, kalean eta kaleko jendeagaz.

Zein da zuen paellaren sekretua?
Apurka etorri gara, eta denon artean joan gara paella prestatzen. Tipula zatitu, osagaiak botatzen joan... ez dago sekreturik! Oilaskoa, untxia, lekaren batzuk, arroza... nahiko sinple egin dugu. Hori bai, denbora ondo zaintzen ahalegindu gara. Esan behar dugu Veronica izan dela gure irakaslea.

Zer da gatxena? Osagaiak ondo aukeratzea, denbora zaintzea...
Ez dakit ba... sua noiz amatu jakitea, behar den ur kantitatea botatzea eta sobran dagoena kentzen jakitea... 

Kuadrillan egonda, bakoitzak bere ardura dauka?
Bai. Umeek giroa sortzen dute, helduon artean behar den guztia ekartzen dugu. Bakoitzak bere ekarpena egin du. Batek arroza bota du, besteak tipula, denbora neurtzeko ardura hartu du hirugarren batek... denon artean egin dugu.

Beste paellak ikusita, zelako maila ikusi duzue?
Almejak, otarrainxkak eta halakoak ez ditut oso gustuko; horrek asko baldintzatzen nau eta osagai horiek zituzten paellak ikusita gurea onena zela pentsatu dut (barrezka). Bromak aparte, denek oso itxura ona zuten, maila ona egon da. 

Irabaztea baino garrantzitsuagoa izango da lagun artean egotea.
Bai. Lehen esan dudan moduan, herriari jai alternatibo batzuk eskaintzea eta antolatutako ekintza horietan parte hartzea da garrantzitsuena, txosnagunera etortzea... Oso egun polita izaten da.

Datorren urtean garaipena defendatuko duzue?
Bai! Pentsatzen dut motibazio handiagoagaz etorriko garela. Behin irabazita, badakigu esku ona duguna eta lehenengo postuari eustera etorriko gara. Hori ardura bat ere bada, jakina, eta baliteke presio handiagoa izatea eta horrek gugan eragina izatea.

MOTZEAN

Esku ona izatea ala osagai onak izatea da garrantzitsuagoa?
Esku ona.

Irabaztea ala lagunekin egotea duzue gurago?
Lagun artean egotea.

Jaietako unerik onena?
San Fausto eguna.

Paella etxean ala txapelketan?
Txapelketan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!