Durangoko jaiak

Mozorroak prest San Fausto jaietako bigarren astebururako

Anboto

Pantxike txosnaguneko eragile eta herritarrekin batera txosnagunera bidean.

Durangoko jaiak azken txanpara begira daude. Bigarren asteburuak zapatuko Mozorro Eguna du plater nagusi. Txosnaguneko aurtengo gaia 'Durangaldeko fauna eta flora' da. Ekitaldi sorta oparoa prest dago

San Fausto jaietako lehenengo txanpak nekea utzi duen arren, aste barruko egunak nahikoa izan dira atseden hartu eta bigarren asteburuari ekiteko. Kuadrilla guztietan mozorroen azken prestaketak martxan dira. Badira astia hartzen dutenak mozorroa prestatzeko, eta baita azken momentuan dabiltzanak ere. Denak balio du kalera irten eta jaiei kolorea emateko. Mozorrorik landuenek desfilean irteteko aukera dute urriaren 17an, 18:30ean, Madalenatik irtenda Andra Mariko elizperaino. Amaieran sarien zozketa egingo dute.

Baina asteburuan beste hainbat aukera ere izango da jaiez gozatzeko. Gaur, urriak 16, Durangoko Pelotazale Klubak Pelota Fest jaialdia egingo du Ezkurdin. Lehenengo partiduan promesa mailako emakumeak lehiatuko dira. Bigarrenean Mikel Goñi eta Josu Eguren Rober Uriarte eta Aingeru Bernaolaren aurka arituko dira.

Barikuko kultur eskaintzaren barruan, bertsolarien saioa izango da San Agustin Kultur Gunean.

Musika-eskaintza zabala
Jaietako egitarauko eskaintzarik nagusienetariko bat musikari dagokiona izaten da. Asteburuan ere horrela izango da. Leire Martinez abeslariak kontzertua emango du Ezkurdin. Bakarkako ibilbidean egiten dabilen biran, geldialdia egingo du Durangon. Bestalde, urriaren 17an, zapatuan, txosnagunean Alarma Morea, Sedientos de Cumbia eta Xaukena Xauk taldeak arituko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!