Durangoko Jaiak 2026

"Patxikotxugaz daudenean umeen aurpegian irribarrea ikusteak asko pozten nau"

Joseba Derteano

Eneko Iriondo, aurtengo Patxikotxugaz.

Laugarren urtez, Eneko Iriondo Venturaren (Durango, 1999) eskuek eman diote forma Patxikotxuri. Hutsetik sortzen du, zurezko egitura abiapuntu hartuta eta xehetasun denak zainduta. Urtetik urtera aldaketa txikiak egiten ahalegintzen da, beti ere Patxikotxuren esentziari eutsita. Esaterako, gerriko gorria ipintzea bere ekarpena izan da. 

Zelan hartu zenuen Patxikotxuren ardura?
Urte askoan Esteban Urainek egin zuen. Ezagutzen ninduen eta erreleboa eskaini zidan, gustuko zeregina izango nuelakoan. Eta, egia esanda, gustura eta motibatuta nabil. Arte grafikoko ikasketak egin ditut eta artisau lanak gustuko ditut, artisaua izan barik ere. 

Zein da Patxikotxu sortzeko prozesua?
Udan material betegarria biltzen joaten naiz, gorputza osatzen joateko. Gero, Patxikotxu zerotik sortzen da, zurezko egitura bat oinarri legez hartuta. Ondoren, burua, jantzia, aurpegiko detaileak eta halakoak datoz. Zurezko egitura eta buruaren forma Estebanek eginda eman zizkidan eta hortik abiatu naiz. Behin hori izanda, sei-zazpi arratsaldetan egiten dut.

Zein da atalik gatxena?
Aurpegiari gertukoa eta atsegina den espresioa ematea, dudarik barik. 

Patxikotxuk beti itxura berdina du?
Ez. Hasieran burua guztiz esferikoa zen. Apurka aldaketatxoak sartzen joan naiz, hobetzeko asmoz. Esaterako, nire lehenengo urtera arte Patxikotxuk gerriko beltza zeukan eta bigarren urtetik aurrera gerriko gorria dauka. Ikusgarriagoa dela iruditzen zait. Aldaketa hori egitea proposatu nuenean baietz esan zidaten. Aurten buruaren egituran ere aldaketak ikusi daitezke, erliebe gehiago du, masailalboetan, bekainetan… 

Zer suposatzen du zuretzat jaietako sinbolo esanguratsu honen ardura izateak?
Pozgarria eta harro sentitzeko modukoa da. Umeei gustatzen zaie gehienbat Patxikotxugaz hartu-emana izatea, berba egiteko edo argazki bat ateratzeko. Nagusiagoak garenontzat Patxikotxu sinbolo bat da gehiago, baina umeentzat beste xarma bat dauka. Patxikotxugaz daudenean umeen aurpegian ilusioa ikusteak asko pozten nau. 

Zenbat jendek daki Patxikotxu zeuk egiten duzula urtero?
Hurbileko lagunek badakite, baina nire ingurutik kanpora askoz gehiagok ez. Gurago izan dut horrela. Izan ere, azken egunean Patxikotxu eramaten dutenean, jende artean joatea gustatzen zait, batez ere umeek Patxikotxuri buruz zer esaten duten entzuteko: zer gustatzen zaien, zer ez…. Ideiak hartu nitzake zer egin eta zer ez jakiteko.

Patxikotxu erretzen dutenean pena ematen dizu?
Tira, ulertzen dut hori dela ohitura eta ez dit pena berezirik ematen. Datorren urtean berri bat egongo da! 

Aurten Patxikotxu ez da toki bakar batean geldirik egongo eta alde batetik bestera ibiliko da herrian zehar. Horrek izan du eraginik sorkuntzan?
Jaietan euria egin dezake eta Patxikotxu bustitzen bada, barruko egitura bustitzen bazaio, baliteke azken egunean surik ez hartzea. Horregaitik, material iragazgaitza sartu diot. Modu horretara, kanpotik bustita ere barrua siku mantendu beharko litzateke.

Prest zaude hurrengo urteetan zeregin honetan jarraitzeko?
Bai, gustura egiten dudan zeregina da. Hori bai, askatasun handiagoa izan gura nuke nire ideia batzuk Patxikotxurengan irudikatzeko, beti ere errespetuz eta esentziari eutsita, jakina. Dena dela, baten batek erreleboa hartu gura balu, nik ez nuke arazorik izango. Azken batean, Patxikotxu herritik herriarentzat egindako ikurra da eta herria ez naiz ni bakarrik. Besteren batek ideia interesgarriak dituela ikusiko banu, benetako interesa eta ilusioa dituela, berari lekukoa emateko prest nengoke.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!