Tronperri dantza taldeko kideek atera zuten Patxikotxu lehenengoz. Urtea, 1978a. Ordukoa da behintzat Tronperrin zebilen Ina Oleagak mimoz gordeta duen argazki bat. Patxikotxu ageri da bertan, ikurrina baten ondoan. Beharbada lehenengo aldia 1977koa izan zitekeela ere zehaztu du. Izenaren jatorria kuriosoa da. Bazeukaten pertsonaia, baina izena falta zitzaien. Hitz liburu dendara joan ziren ideia bila. Durangoko pertsonaien inguruko liburuak eskatu eta haietan bilatzen hasi ziren. XIX. mendeko izen batek euren arreta deitu zuen; Pachicochu zen izena. Mahai gainean dantza egiten zuen gizon txiki bati horrela deitzen zioten. Ez du gogoan liburuaren izenburua.
Urte askoan Patxikotxu sortzeko ardura izan zuen Esteban Urainek badu gordeta pertsona horri buruzko erreferentzia bat, Durangoko Plateruak liburuan ageri dena. 1828an Espainiako Errege ziren Fernado VII.a eta bere emazte Maria Josefa Amalia de Sajonia Durangora etorri ziren. Bertan, beste dantzari batzuekin batera, gizon txiki batek dantza egin zien eta pertsona horri Pachicochu deitzen zioten.
Horrela hasi ziren, beraz, Patxikotxuren kalejirak. Urteetan kuadrillek eraman zuten Patxikotxu Madalenatik udaletxera. Kuadrillen giroa desagertzen joan zen apurka, eta San Fausto Auzo Elkarteak hartu zuen ardura. Harrezkero, auzo elkarteko kideek eramaten dute Patxikotxu San Faustotik udaletxera kalejiran.
Gaur egun Eneko Iriondok sortzen du Patxikotxu, baina 50 urteko historian hainbat lagun eta elkartek izan dute bere ardura. Esaterako, urte batzuetan Geroa antzerki taldeko eszenografoa zen Javier Obregon 'Tarzi' izan zen pertsonaia ezagunaren sortzailea. Ondoren, beste urte batzuetan Iñurri Eskaut Taldeak izan zuen ardura hori. Iñurriren etapa amaituta, 2006 inguruan, Esteban Urainek eta udaleko Kultura Saileko langileek hartu zuten Patxikotxuren ardura. Hasiera ez zen erraza izan. Urte hura eta aurrekoak konplikatuak izan ziren pertsonaiarentzat: sasoi hartan Santa Anako arkuaren gainean egoten zen, eta behin baino gehiagotan lapurtu zuten. Lapurreta saiakera bat zapuztea lortu zuten, baina Patxikotxu jausi egin zen eta kalteak izan zituen. Urainek eta bere lankideek ahalik eta ondoen konpondu zuten. Harrezkero, 15 urte baino gehiagoan Urainek eta udaleko kultura arloko kideek eduki dute Patxikotxuren ardura. Orain lau urte, Eneko Iriondori eman zioten erreleboa.