Durangoko Udaleko ordezkaritza batek Victor Arrizabalaga eskultorearen tailerra bisitatu du, Durango-Uretatik haratago eskulturaren fabrikazio prozesua gertutik jarraitzeko. Udal iturriek jakinarazi dutenez, "eskultura gauzatze-fase aurreratuan" dago, eta hurrengo lanak egitura osatzea, egokitzapen estetikoa eta behin betiko muntaketa prestatzea izango dira. Azken hori abenduaren erdialdean egingo dute. Kokalekua definitua dago: TADUko aparkalekuaren ondoan ipiniko dute, garai bateko trenbidearen trazaduran, belardian.
Eskultura Corten altzairuz egina dago, eta diseinuak Durangoko armarriaren elementurik ezagunenetako bat du abiapuntu: hiru arkuko zubia. Eskulturak DURANGO berba irudikatzen du, A letran oinarritutako zubi baten forma hartuz.
Víctor Arrizabalaga pozik azaldu da lanaren garapenagaz. "Obra dagoeneko oso fase aurreratuan dago. Bereziki pozgarria da hasierako ideiak pixkanaka azken itxura hartzen duela ikustea”, esan du. Udalak gaineratu duenez, eskultura herriko eguneroko paisaiaren parte bihurtuko da, eta "sinbolo" bihurtuko da "herritarrentzat zein Durango bisitatzera datozenentzat".
