Victor Arrizabalagaren 'Uretatik haratago' eskultura aurkeztu dute

Aritz Maldonado 2026ko uztailaren 21a

Victor Arrizabalagaren 'Uretatik haratago' eskulturaren irudia aurkeztu du Durangoko Udalak. Lana TADU aparkalekuaren eta trenbide zaharraren ibilbide berriaren ondoan kokatuko da "udalerrira iristen direnei ongietorria emateko eta Durangoren nortasuna indartzeko sortutako" lana. Eskultura, "urtea amaitu aurretik" jartzea aurreikusten dute. 

Proposamen artistikoaren abiapuntua, Durangoko armarriko elementu ezagunenetako bat da: "Hiruko arkuko zubian oinarrituta sortu dut konposizioa. Durango hitzaren A hizkia euskarri hartuta, zubi bat marrazten dut", azaldu du Victor Arrizabalagak.

Eskultura altzairu kortenez egingo dute, "kanpoaldean jartzeko material bereziki erresistentea da, eta mantentze lan gutxi behar du", gehitu du Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak. "Ilusio handiz aurkezten dugu eskultura hau, Durangorako ikur bihurtzeko bokazioarekin jaio baita. Herrira iristen direnei ongi etorria emando dien obra bat nahi genuen, baina baita herritarren kidetasun sentimendua indartuko duena ere. Gure historiaren eta nortasunaren elementuak biltzen dituen pieza da eta, aldi berean, etorkizunari begiratzen dio, Durangoko bizitzarentzat gero eta garrantzitsuagoa izango den espazioari balioa ematen lagunduz", amaitu du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!