Zein izan da zuen eginkizuna DEVISE4KE proiektuan?
Wycliffe Ogaga: Kenyako kide nagusiak gara proiektuan, eta laguntza teknikoa eskaintzen dugu. Besteak beste, ikerkuntza, komunikazio eta teknologia (IKT) ekipamendua probatzeaz, irakasleak prestatzeaz eta proiektuko jarduerak koordinatzeaz arduratzen gara. Horrez gainera, tokiko eskolen parte-hartzea koordinatzen dugu, haien inplikazioa aktiboa izan dadin eta proiektuaren baldintzekin bat etorri daitezen.
Zeintzuk dira Kenyako landa-eremuko ikastetxeen gabezia nagusiak, eta zeintzuk hobekuntza ekarri ditu proiektuak?
Jonathan Mulwa: Irakasleak ardatz dituen ikaskuntza sistema batetik ikaslea erdigunean ipintzen duen eta gaitasunetan oinarritzen den hezkuntza eredu batera pasatu gura dugu. Aldaketak erronkak dakartza, bereziki landa-eremuetako eskoletan, azpiegitura teknologiko eskasa dagoelako haietan. Askok ez dute elektrizitaterik, ezta IKT ekipamendurik ere, eta irakasleek prestakuntza behar dute eredu berrira egokitzeko. Proiektuaren bidez, gabezia horiei erantzun gura diegu, eskolei azpiegitura fotovoltaikoaren bidezko energia hornidura eskainita, irakasleak eredu berrira trebatuta eta ikasleei teknologia digitala eskainita: Tabletak, iPad-ak… Horrela, ikasleek modu aktiboan ikasi ahal izango dute, eta lankidetza, komunikazioa eta gaitasun digitalak garatu ahal izango dituzte.
W.O.: Irakasle falta da beste erronka bat: ikasle asko dago, baina irakasle gutxi. IKT baliabideek ikasle gehiagorengana heltzeko eta hezkuntza baliabideak zabaltzeko aukera ematen dute, plataforma digitalen bitartez ikaskuntza prozesua osatuta. Proiektuak, beraz, teknologia eta irakasleen prestakuntza eskaintzen ditu, hezkuntza eskuragarriagoa izan dadin.
Zer suposatu du zuentzat Euskadiko, Alemaniako eta Irlandako erakundeekin elkarlanean aritzeak? Zer ikasi duzue elkarrengandik?
W.O.: Unibertsitate legez, proiektu honek nazioartean ikusgarritasuna lortzeko aukera ematen digu. Beste leku batzuetan egiten dena ezagututa, gure curriculuma garatzeko aukera ere badugu, nazioarteko estandarrekin bat etorri dadin eta prestatzen ditugun ikasleek lan merkatu globalaren eskakizunei erantzun diezaieten.