[ARGAZKI GALERIA]: Kenyako eta Europako ikastetxen topaketa Durangon, hezkuntza proiektuak hobetzea helburu

J.D.

Egitasmoak askotariko erakundeak elkartu zituen Maristak ikastetxean, Kenyako landa-inguruneetako hezkuntza eta Lanbide Heziketa hobetzeko helburuarekin.

Maristak Durangok DEVISE4KE Europako proiektuaren amaierako konferentzia hartu zuen atzo. Jardunaldiko unerik esanguratsuenetako bat Kenyako ikastetxeetako ordezkarien testigantzak entzutea izan zen. Miramba Secondary School, St. Joseph Olando Secondary School eta Kiabuya Secondary Schooleko ordezkariek proiektuan bizi izan duten esperientzia, ikasitakoa eta euren ikastetxeetan aplikatu ahal izan dituzten hobekuntzak aurkeztu zituzten, Maristak Durango ikastetxeak ohar batean azaldu duenez.

Arratsaldean, Ricardo Ferreirak (Maristak Durango) proiektuaren ardatz nagusietako
bat berreskuratu zuen: benetako lan-prozesuak ikaskuntzarekin eta gaitasun profesionalen
garapenarekin modu eraginkorragoan lotzea. Jardunaldia saio parte-hartzaileekin amaitu zen. Bertaratuek ideiak trukatzeko, harreman berriak sortzeko eta etorkizuneko lankidetza-aukerak aztertzeko aukera izan zuten. 

Hiru urteko lankidetza
DEVISE4KE proiektuak hiru urteko lankidetza, ikaskuntza partekatua eta herrialde desberdinetako ikastetxe, unibertsitate eta erakundeen arteko harreman berriak utzi ditu ondare gisa. "Baina, batez ere, ideia argi bat berretsi du: lankidetza eraginkorrena tokian tokiko behar errealetatik abiatzen dena eta bertako pertsonekin batera eraikitzen dena dela", adierazi dute.

DEVISE4KE proiektuari buruz gehiago jakiteko proiektuaren webgune ofiziala kontsultatu daiteke: https://devise4ke.com/

(Argazkiak: Maristak ikastetxea)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!