[BIDEOA]: Durangoko txosnek Intxaurreren txapliguagaz inauguratuko dute egitaraua

Ekaitz Herrera

Txosnek urriaren 9an zabalduko dute jai eremua, Pantxikeren bedeinkapenagaz. Mozorro eguneko gaia "Durangaldeko flora eta fauna" izango da. Etxolak 06:00ak arte egongo dira zabalik.

Durangoko txosnak prest daude herri mugimenduaren askotariko koloreekin janzteko. Urriaren 9an inauguratuko dute jai-eremua, Landako Gunearen eta Plateruenaren artean. Eta gauzak behar bezala hasteko, Pantxikerekin zeharkatuko dituzte herriko kaleak. Iruñerriko Broken Brothers Brass Band taldeko kideak lagun dituztela. Behin txosnagunera iritsita, Intxaurre elkarteko kideek hartuko dute protagonismoa, haiek isiotuko dute-eta jai eremuko txapligua. Izan ere, 40 urteko bidea bete du aurten Intxaurrek. 

Egitarauan ondo errotutako hitzorduak finkatu dituzte, hala nola paella txapelketa, Mañaria errekako jaitsiera, Gazte Eguna, Etxera Eguna zein mozorro eguna. Azken horrek Durangaldeko fauna eta flora izango du gai modura. Alabaina, ekitaldi berriak ere batu dituzte programara, tartean, Maritxu Hankatxu eta Igurtzi Serrano drag artisten ikuskizuna, bermut-edan goiztiarra eta artisautza azoka. Izan ere, artisautza goizean Euskal Herriko hainbat sortzaile hurreratuko direla iragarri dute txosnek. Ekitaldi bakoitzeko egunak eta ordutegiak honako lotura honetan kontsultatu daitezke. 

Txosnek azpimarratu dutenez, urte osoko lana da eurena, eta ez txosnei edo herriko jaiei begirakoa bakarrik. Olatz Gorritxategi eta Jone Gutierrez bozeramaileek argi utzi dute txosnagunean esku hartzen duten eragileek "urte osoan zehar" egiten dutela lan. Berdin euskararen, feminismoaren zein sozialismoaren alde. Eta berdin-berdin gizarte inklusioaren, kirolaren eta eskubide sozial eta politikoen alde ere. Halaber, erasoen kontrako protokoloa martxan egongo gela gogorarazi dute. "Herritar guztiak, durangarrak zein ez, gazteak zein ez, gonbidatuta zaudete txosnetara etortzera", esanda amaitu dute agerraldia. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!