Eta halako batean, 40 urte. Bai elkarteak, bai zuen ondoko etxearen erosketak ere.
Jabi Agirre: Etxea jaustear zegoen, azken urteetan ez zen inor bizi eta. Eta hori ikusita, akorduan daukat udalak eraikina botatzeko asmoa zuela. Baina Jose Mari Bilbaok, HBko zinegotziak, halakorik ezin zela egin esan zuen. Berriztu egin behar zela, berreskuratu. Eta Bautista Uribek ere, behinola baserri honetan bizi izan zenak, horixe berori esan zuen. Azkenean, Jose Mari Bilbaok etxearen ugazabagaz kontaktatu zuen, eta etxea erostea proposatu zion. Jabeak onartu egin zuen, baldintza bategaz: egitura mantentzea. Eta halantxik, hamar lagunen abalagaz, milioi bat pezeta baino gutxiagoan erosi genuen etxea.
Zeintzuk izan dira lau hamarkada hauetako mugarriak Intxaurren?
Alaitz Areitio: Nik oso akorduan daukat Batasunaren ilegalizazioaren harira teilatura igo ginenekoa. Manifestazio baten ondoren bilera bat egin genuen hemen, eta barruan geundela Ertzaintzak kaleak inguratu zituen. Halako batean, sartu egingo zirela eta, baten bati atea zarratzea okurritu zitzaion. Orduan, barruan geratu ginen gu, eta poliziak kanpoan. Eta gutariko batzuk teilatura igo ziren erresistentzia keinu legez. Gau osoa eman genuen barruan. Biharamunean, banan-banan irtetea adostu genuen. Identifikatu egin gintuzten. Leku hau topaleku, militantzia eta parranda leku izan da, baina baita tentsio handiko eremu ere.
L.A.: Babesleku bat izan da, umetan Intxaurre pareko plazan jolasten nintzelako. 25. urteurrena ere bizi izan nuen, oso umea nintzela. Edozein ordutan etorri eta beti topatzen zenuen baten bat. Alde horretatik, babeslekua izan da.
Eta Durangorentzat zer izan da?
J.B.: Hasieran boom bat izan zen. Jende askok esku hartu du hemen. Erreferentziazko tokia izan da askorentzat.
A.A.: Elkartearentzat etxe zabal bat izan da beti. Ezker Abertzaleari loturiko mugimenduak egon dira hemen, baina Intxaurre beste askorentzat ere tresna baliagarria izan da momentu puntualetan.
L.A.: Gainera, azkenaldian, gauza asko aldatu dugu. Kultur eskaintza indartzen gabiltza, herriari gauza berriak eskaintzeko. Belaunaldi askotako jendea dago prest lanerako. Oztopoen gainetik, Intxaurrek erreferentziazko leku izaten jakin du.
Zelan ospatuko duzue 40. urteurrena?
L.A.: Egun osoko egitaraua prestatu dugu ekainaren 13rako, umeentzat, gazteentzat zein helduentzat. Eskulan tailerra, ipuin lehiaketa eta herri bazkaria izango ditugu. Ondoren, ekitaldia eta Juntajoren animazioa. Gauean kontzertuak izango ditugu: Gar, Lukiek eta Kene.mp3. Herriko jende guztia gonbidatzen dugu jaira, belaunaldi guztiak batzeko eguna izan dadin. 40 urte ez dira egunero betetzen eta urteotako borroka hori ospatu egin behar dugu, oraindino ere hemen gaude eta.