Abuztuan hil zen Miguel Piedra Gorosarri Durangoko zesta-puntaren historiako pertsona garrantzitsuenetako bat. Haren figura eta kirol honi egindako ekarpena gogoan, haren omenezko memorial bihurtuko dute aurten Kluben San Fausto Nazioarteko Txapelketa. Zapatu honetan abiatuko da 41. edizioa, eta datozen asteetan nazioarteko harrobiko pilotari onenetako batzuk bilduko ditu Ezkurdi Jai Alaian.
Txapelketak Piedrak utzitako ondarea aitortu nahi duela adierazi dute Durango Jai Alai Zesta Punta Eskolako (DUJA) antolatzaileek ohar batean. "Piedra Durangoko zesta-puntaren historiako pertsonarik eraginkorrenetako bat izan da. Bere bizitzaren zati handi bat kirol honen sustapenari eta garapenari eskaini zion. Ezkurdi Jai Alaiko jarduera profesionala bultzatu zuen, bertako harrobia indartu zuen eta erabakigarria izan zen Durango hamarkadetan zehar zesta-puntaren nazioarteko erreferente bihurtzeko. Horrez gain, Durangoko Zesta Punta Eskolaren sortzaile eta presidente izan zen 1990era arte, eta belaunaldi ugari prestatzen lagundu zuen", adierazi.
Txapelketari dagokionez zapatuan (irailak 5) 18:00etan hasiko da. Urriaren 11ko finalera heldu arte zapatu arratsaldetan eta domeka goizetan (10:30) jokatuko dira jardunaldiak. Txapelketako irabazleen artean 1.500 eurotako diru sariak banatuko dituzte. Lehiaketa hiru kategoriatan jokatuko da: neskak, jubenilak eta 22 urtez azpikoak, kanporaketa-formatuan.
Nazioarteko parte hartzea
Txapelketaren nazioarteko izaera izango da aurten ere. Lehenengoz Zaragozako klubak etorriko dira. Horrez gainera, Euskadiko, Bartzelonako eta Mexikoko ordezkariak izango dira lehian, baita Frantziako Pau eta Hossegor klubak ere. Gainera, Ipar Euskal Herriko hainbat klub entzutetsuk ere parte hartuko dute, hala nola Donibane Lohizune, Bidart eta Maulek. "Horrek guztiak maila handiko txapelketa osatuko du eta zesta-puntak Atlantikoaren eta Pirinioen bi aldeetan dituen loturak sendotzen lagunduko du", azaldu dute Durango Jai Alai Zesta Punta Eskolako (DUJA) antolatzaileek ohar batean.
Durangoko Zesta Punta Klubak presentzia nabarmena izango du. Nesken mailan Martina eta Igone arituko dira. Jubenil kategorian, berriz, Andoni Bediaga eta Mikel Urretabizkaia izango dira etxeko koloreak defendatuko dituztenak. Maila gorenean, klubak bi bikote izango ditu lehian: Galder-Belar eta Alain-Kirmen.
Txapelketaren historia
Lau hamarkada baino gehiagotan zehar, San Fausto Txapelketa gazte talentuentzako erakusleiho zan da, eta bere historian zesta-puntaren goi mailara iritsi diren izen ugari ageri dira, besteak beste: Rekalde, Azpiri, Irusta, Solozabal, Duke Hernández, Imanol López, Aritz Erkiaga edo Erik.
Markina Kluba da San Fausto Txapelketaren historiako arrakastatsuena, 1981ean txapelketa sortu zenetik guztira zortzi txapel eskuratu baititu. Ondoren datoz Berriatua eta Gasteiz, bakoitza sei titulurekin.
Iazko aldian, maila nagusian, Javierrek eta Atainek, Markina Klubaren ordezkariek, eskuratu zuten txapela. Nesketan garaipena Berriatua klubeko Arakistainek eta Maiak lortu zuten; jubeniletan, berriz, txapeldunak Uribesalgo
eta Aratz izan ziren, hauek ere Berriatua Klubaren ordezkari.