DUJA: Ezkurdi frontoiaren azken txalo zaparrada Miguel Piedra Gorosarriri

Anboto 2026ko abuztuaren 21a

Miguel Piedra Gorosarri abuztuaren 12an hil zen, Durangoko kirol eta gizarte ekintzaren zutabe XX. mendearen bigarren zatian. Bere familiarekin batera, Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekua euskal pilotaren munduko erreferente bihurtu zuen. Gainera, bere zuzendaritzapean, Durangoko eskolak mundu osoko pilotaleku profesionaletara jauzi egin zuten 130 pilotari baino gehiago hezi zituen. Bestalde, hiru hamarkada baino gehiagoan Durangoko Santo Hospitalaren alde egindako gizarte- eta ongintza-lan etengabeagatik nabarmendu zen.
 

Durango Jai Alai (DUJA) elkarteak Miguel Piedraren lana nabarmendu du bai zestaren munduan baita beste arlo batzuetan ere. Joan den abuztuaren 12an hil zen Miguel Piedra, Euskadiko zesta-punta profesionalaren aitzindari eta zutabe nagusietako bat. Bere heriotzak hutsune neurtezina utzi du euskal pilotaren munduan. Kirol honi eskaini zion bizitza, familiaren bideari jarraituz, eta Durango zesta-puntaren nazioarteko epizentroan kokatzea lortu zuen. Euskal Herriko zesta-punta modernoaren historia ezin da ulertu Piedra familia gabe. Joan den mendearen erdialdera arte, eskualdeko saio profesionalak urriak ziren, Ameriketako pilotalekuetatik bueltan zetozen pilotari gutxi batzuen oporraldietara mugatuak. Dena aldatu zen 1957ko ekainaren 13an, bere aita Miguel Piedra Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan jaialdi profesionalak maiztasunez antolatzen hasi zenean. Aita 1966an hil ondoren, Miguel semeak hartu zuen enpresaren gidaritza Javier anaiarekin batera. Haien kudeaketari esker, zesta-punta profesionalak ospe eta jarduera mailarik gorena lortu zuen Euskadin. Piedra anaiek urte bakar batean 351 jaialdi profesional antolatzera iritsi ziren Ezkurdi Jai Alain, goizez eta arratsaldez saioak eskainiz eta pilotalekua zaleen etengabeko bilgune bihurtuz. Garaiko prentsa errekorte baten ikusi daitekeen bezala “avalancha de partidos de cesta punta en Durango”, frontoi hau zesta puntaren "La Meca" eta "Eldorado" bezala jarriaz.

Ezkurdiren modernizazioa eta nazioarteko harrobia
1970ean, Ezkurdi inauguratu eta hamabost urtera, Piedra anaiek berrantolaketa integral eta asmo handikoa egin zuten eraikina kategoria profesional gorenera jasotzeko. Frontisa kalitate handiko granitozko harriarekin ordezkatu zuten erabat, harmailak berritu zituzten eserleku erosoak jarriz, eta kirol-estadio handi baten mailako argiztapen abangoardista ezarri zuten. Sustatzaile gisa egindako lanaz gain, Miguel Piedra tokiko harrobiaren bultzatzaile nagusia izan zen. Durangoko Zesta-Punta Eskola sortu eta haren lehendakari izan zen 1990era arte. Bere ikuspegiari eta oinarrizko lanari esker, Durangoko 130 pilotarik baino gehiagok egin zuten jauzi arlo profesionalera, tokiko talentua planetako pilotaleku garrantzitsuenetara esportatuz.

Durangorekiko konpromiso sendoa
Kirol-arrakastatik haratago, Miguel Piedrak bere herriarekin zuen konpromisoa erabatekoa izan zen. 30 urte baino gehiagoan, urtero ongintzazko jaialdi bat antolatu eta babestu zuen Durangoko "Santo Hospital" erakundearen alde. Hitzordu horietan munduko mailarik goreneko partidak jokatzen ziren eta Ezkurdiko harmailak leporaino betetzen ziren, eliteko kirola eta herritarren elkartasuna lotuz. "Miguel Piedra hiltzearekin batera, langile nekaezina, pilotazale amorratua eta herritar eredugarria joan zaigu, Durangoko izena zesta-puntaren munduko mapara betiko lotu zuena", azaldu dute Durango Jai Alai  elkarteko kideek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!