Udazkenean, establezimendu gehiagok zabalduko dituzte ateak Durangoko merkatuan: pizzeria bat, izozki-denda, kontserba eta poke denda eta ardotegia batuko dira gaur egungo eskaintzara. Lau komertzio berri horiek, horrenbestez, orain arteko harategiari, urdaitegiari, zero kilometroko elikagaien saltokiari, ozpinetakoen dendari eta tabernari batuko zaizkie. Apur bat aurrerago, okindegi bat ere zabalduko dela iragarri du udalak, eta denda hori beste esleipen prozesu batean ebatziko dutela jakinarazi. Halaber, udalak gaineratu du esleipena lortu duten enpresek datozen asteetan sinatuko dituztela kontratuak.
Horrekin guztiarekin, Durangoko Udalak merkatuaren erakargarritasuna indartzea du helburu, bai "erosketak egiteko, bai ostalaritza aukerak zabaltzeko". Ildo horretatik, "ekintza kulturalak, gastronomikoak, tailerrak, auzo-topaketak eta udalerriko bizitza dinamizatzeko beste egitasmo batzuk" antolatu gura dituzte.
Merkatu Plaza astelehenetik domekara egoten da zabalik, 8:30etik 21:00etara. Baserritarren zapatuetako merkatua bertan egiten da. Gainera, azken hori martitzenenetan ere egiten hasi dira oraintsu.