239 esku hartze bakardadearen aurkako programan

E.H. 2026ko uztailaren 21a

Durangoko sei herritar ibili dira bakarrik sentitzen zirenei akonpainamendua eta laguntza eskaintzen. Guztira, 24 herritarri eman diete arreta, eta 239 esku hartze pertsonalizatu egin dituzte haiekin:

Bakardadearen kontrako programa amaierara ailegatu da, eta Durangoko Udalak haren balantzea egin du: sei hilabetetan zehar, Durangoko sei herritar ibili dira bakarrik sentitzen zirenei akonpainamendua eta laguntza eskaintzen. Guztira, 24 herritarri eman diete arreta, eta 239 esku hartze pertsonalizatu egin dituzte haiekin: babes emozionala eskaini diete, baita 66 osteratxo eta etxez etxeko 56 laguntza eskaini ere. Besteak beste, bakardadean daudenak lagundu dituzte osasun zentroetara eta dokumentazio lanetara joaten zein jarduera komunitarioetan parte hartzen. Programan artatu dituzten 24 herritarren artean, 19 emakumeak izan dira, eta 5 gizonezkoak. Horien artean 40 urtetik beherakoak, adin ertainekoak eta 80 urtetik gorakoak egon dira. Horrek erakutsi du gura bako bakardadea bizitzako etapa guztietan dagoela presente.

Durangoko Udalak Lanbideren 75.000 euroko dirulaguntzari eskerrak egin du programa. Beste 3.638 euro udalak berak ipini ditu. Jesica Ruiz Gizarte Ekintzako zinegotziaren berbetan, "gura bako bakardadea gero eta
lehentasun handiagoa da, eta programako emaitzek erakusten dute herriko baliabideekin koordinatutako esku-hartzeak benetako eragina duela pertsonen bizitzan. Isolamendu-egoerak murrizteaz gain, harremanak eta laguntza-sareak sortzen lagundu dugu, eta kasu askotan modu autonomoan jarraitu dute".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!