"Gura bako bakardadea uste baino hedatuago dago; ez du adin, genero edo klase sozialik"

Joseba Derteano 2026ko uztailaren 17a

Ane Fernandez eta Miren Biotza Isasti, Durangon.

Gura bako bakardadean bizi diren herritarrei laguntzen aritu dira sei hilabetean. Esperientziak bakardadearen inguruan zeukaten ikuspegia aldatu diela esan dute

Bakarrik egotea eta bakarrik sentitzea ez dira gauza bera. Gura bako bakardadeak geroago eta pertsona gehiagori eragiten dio, eta, errealitate horri erantzuteko, Durangoko Udalak akonpainamendu programa bat abiatu zuen urte hasieran. Proiektua udaleko Enplegu Planaren barruan garatu da eta Lanbideren laguntza izan du. Sei hilabetez, iraupen luzeko langabezian zeuden sei pertsonak bakardade egoeran bizi ziren herritarrei lagundu diete; besteak beste, sare sozialak eta komunitarioak indartzen. Horretarako, Lanbidek 75.000 euroko diru laguntza eman du, eta udalak 3.638 euro gehitu dizkio kopuru horri. Ane Fernandez Arriola (Eibar, 1979) egitasmoko koordinatzailea izan da, eta Miren Biotza Isasti Mendibe (Durango, 1962) laguntzaile taldeko kideetariko bat.

Nondik hasi zineten eta zelan heldu zineten laguntza behar zuten pertsonengana?
Ane Fernandez:  Lehenengo, hiru asteko formakuntza sakona jaso genuen. Ondoren, kaptazioan ipini genuen arreta. Kartelak egin genituen, hedabideetan irten ginen, medikuekin berba egin genuen… Proiektua ahalik eta gehien gizarteratzen ahalegindu ginen. 
Miren Biotza Isasti: Hasieran ez zen erraza izan laguntza behar zuten pertsonengana heltzea. Normala den moduan, ausardia behar da telefonoa hartu eta laguntza eskatzeko, eta lehenengo pauso hori ematea kostatu egiten da. Bisitak egin genituen, telefonoz deitu genuen eta kaptazio lan handia egin genuen. Denboragaz, ostera, ahorik ahokoak funtzionatu zuen. Gugaz egondako pertsonak gustura sentitu ziren, eta, horri eskerrak, bakarrik sentitzen ziren beste herritar batzuk ere gugaz hartu-emanetan jartzen hasi ziren. 25 bat pertsonagaz egon gara. 
A.F.: Kasu batzuetan, ez ziren bakardadean sentitzen ziren pertsonak gugaz hartu-emanetan jartzen zirenak, euren seme-alabak baino. Euren aita edo ama bakarrik sentitzen zela ikusten zuten. "Seguruenik ez du gura izango", ohartarazten ziguten. Horrelakoetan, lehenengo hartu-emana beste modu batera landu behar izaten genuen, laguntasuna eskatzen zebilena ez zelako laguntasun hori behar zuena. Baina behin konfiantza sortuta, oso gustura geratu dira.
M.B.I.: Astean behin batzen ginen erabiltzaileekin, baina batzuetan baita birritan edo hiru bider ere, premiaren arabera. Gainera, ez genuen gura saioak beti egun berean izatea. Hartu-emanari dinamikotasuna eman gura genion. Antolaketa aldetik gatxagoa izan da guretzat, baina hartu-emanak naturalagoak eta malguagoak izatea lortu dugu. 

Zein da gura bako bakardadean dagoen pertsona baten profila? Ala profil anitzak daude? 
M.B.I.: Uste genuen pertsona nagusiak izango zirela bakardadean sentitzen zirenak, baina denerik izan dugu: hogeitaka urtekoak ere bai eta hortik gora 91 urtera artekoak. 50 urtetik beherakoak deitzen hasi zirenean harritu egin ginen. Beraz, ez dago profil zehatz bat. Batzuk adinekoak dira, arazo fisikoak dituztenak, eta horrek zaildu egiten die hartu-eman sozialak naturaltasunez garatzea. Beste batzuk kanpotik etorritako herritarrak dira; herria ezagutzen ez dutenez, laguntza behar dute gizarteratzeko eta herriko ekintzak eta ingurua ezagutzeko. Eta beste profil bateko jendea ere aurkitu daiteke. 
A.F.: Gure lana ez da izan inori zer egin behar zuen esatea. Pertsona bakoitzari bere bidea egiten laguntzea izan da helburua: gidatzea, aholkuak ematea eta aukerak erakustea, bakoitzak hartu-emanak bere erritmoan sortu eta bere egoera hobetzeko.

Zelan egiten zenuten lehenengo hartu-emana? Zelan jakiten zenuten bakoitzak zer behar zuen?
M.B.I.: Hasteko, entzun egiten genien. Konfiantzazko inguru lasai bat sortzen ahalegintzen ginen, kafe baten bueltan edo elkarrizketa informal baten bitartez. Hasieran, askotan, ez dute dena kontatzen; babestu egiten dira, zelanbait esatearren; lotsagaitik edo. Sozialki ez dago ondo ikusita bakarrik egotea. Denboragaz, konfiantza hartu ahala, gehiago zabaltzen dira. Entzutea izan da gure tresnarik garrantzitsuena; esaten zutena entzutea, eta baita esaten ez zutena ere, hortik ere informazio baliotsua atera daiteke eta. 
A.F.: Pazientzia behar da. Pertsona bakoitzak bere denborak ditu. Ezezagun bat edo bi zure etxera doaz eta ez dakizu zer gertatuko den. Konfiantza eta konplizitatea eraiki egin behar dira. Saiorik saiora erosoago sentitzen zirela ikusi dugu. Orduan azaleratzen ziren beharrak, hiru-lau saioren ondoren.   

Gazte jendearen eta adinekoen premiak desberdinak dira?
A.F.: Badira aldeak, baina denek dute gauza baten beharrizana: entzunak sentitzearena. Eta horri beste bat ere gehituko nioke nik: talde bateko parte sentitzea. Hasierako saioetara pertsona bi joaten ziren, eta gero, normalean, bakarra geratzen zen. Hala ere, kasu askotan berriro ere lagun bi joaten hasi ziren. Zergaitik? Konturatu ginelako talde bateko parte izatea gustatzen zitzaiela, eta hiru pertsonagaz horixe lortzen genuen. Eta premia hau ere adin guztietan ikusi dugu.  
M.B.I.: Gazteek beste kezka batzuk ere badituzte: ikasketak bideratzea, etxebizitza bilatzea… Bestalde, adinean aurrera egin ahala osasunari loturiko premiak areagotzen dira: medikuarenera laguntzea eta antzekoak. Horrez gainera, paseatzera joaten ginen eurekin, edo, adibidez, irakurtzea gustatu baina etxetik irten ezin direnei liburuak eramaten genizkien.   
A.F.: Beste batzuekin hau gertatzen zen: ez zuten uste eskubidea zutenik zerbitzu batzuk eskatzeko. Eurek baino okerrago zeudenentzat zirela pentsatzen zuten. Sarritan ez zen lotsagaitik, baizik eta uste zutelako zerbitzuak ez zetozela bat euren premiekin. Beraz, egoera horiek bideratzen lagundu diegu. 
M.B.I.: Edozelan ere, gako bat dago denen kasuan: haiei entzutea eta entzunak direla sentiaraztea. Eta bazekiten guri esandakoa gure artean geratuko zela eta guztiz errespetatuko genuela euren pribatutasuna. 

Bada bereziki harro sentiarazi zaituzten lorpenik?
A.F.: Niri poz berezia ematen didan lorpen bat hau da: bakarrik zeuden pertsona batzuek elkar ezagutzea eta euren artean hartu-emanak sortzea lortu dugu. Izan ere, egitasmo honen hasieran helburu nagusi bat geneukan: ahal izanez gero, pertsonak ezagutzen genituen baino hobeto agurtzea egitasmoaren amaieran. Durangok aukera asko eskaintzen du, baina askotan jendeak ez ditu ezagutzen. Tailerren eta bestelako ekintzen bitartez pertsonak elkartzea lortu dugu, eta adinekoen artean, esaterako, bi-hiru bikote edo talde txiki sortzea. Batzuk dagoeneko euren kabuz geratzen dira paseatzera joateko, edo zeozer ikustera joateko, edo, besterik ez bada ere, bata bestearen etxera joan eta elkarregaz kafe bat hartzeko. 

Zelan eragin dizue esperientzia honek maila pertsonalean?
M.B.I.: Konturatu gara gure inguruan uste genuen baino bakardade sentsazio handiagoa dagoela. Batzuetan hunkituta heltzen ginen etxera. Pentsatzen genuen: zelan da posible gure alboan horrelako egoerak egotea eta gu konturatu ere ez egitea? Esperientzia honek aurretik nuen ikuspegia aldatzeko balio izan digu. Beraz, alde batetik esperientzia gogorra izan da, baina baita interesgarria ere. Pertsona legez asko aberastu gaitu. Ematen duzu, baina jasotzen duzuna ere handia da. Pertsona batzuek galdetzen ziguten ea uda ostean berriro bueltatuko ginen, gugaz gustura zeudelako. Ez dut uste inor guztiz atera dugunik bere bakardadetik, baina euren egoera arintzen lagundu dugu.
A.F.: Hasieran batzuek ez zuten parte hartu gura, errezeloz joan ziren saiora, eta ikustea azkenean interes handia zutela berriro elkartzeko... gauza handia da. Gustura egon direla jakiteak satisfazio handia ematen dit. 
M.B.I: Esperientzia honek hauxe erakutsi digu: gura bako bakardadea uste baino hedatuago dagoela, eta ez duela adinik, generorik ezta klase sozialik ere. Ikusi dugunaren ondoren, uste dut geure burua bakarrik egotera prestatu behar genukeela. Ahal den neurrian, bakardadea bizitzen eta gozatzen ikasi behar genuke, une hori inoiz heltzen bada sufrimendu hutsa izan ez dadin. Azken batean, dugun sarea, lagunak, familia eta ingurua, zaindu behar ditugu, bakardadea sentitzen dugun momentu hori heltzen denean, sare hori beteta edukitzeko.

Ezer gehitu gura duzue?
A.F.: Gure taldearen garrantzia nabarmendu gura nuke. Profil desberdineko jendeagaz talde eraginkorra izan dugu. Erabakiak denon artean hartu ditugu. Bestetik, Andragunean batzen ginen eta hango langileei eskerrak eman gura dizkiegu, oso ondo tratatu gaituzte eta. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!