Izarra Astronomia Elkarteko egutegian aspalditik gorriz markatuta zuten hitzordua laster helduko da. Asier Jaio Malatsetxebarria elkarteko presidenteak (Markina, 1984) egin duen ariketak ilusio horren neurria ematen du; azken 20 urteetan abuztuaren 12an egin duen eguraldia aztertu du, eklipsearen egunean zerua garbi egoteko zer probabilitate dagoen jakiteko.
Horrelako fenomenoak ez dira sarritan gertatzen. Izarran aspalditik itxaroten zabiltzaten hitzordua da?
Orain 20 urte baino gehiago komentatu genuen fenomeno hau. 2004 inguruan Venus planetaren trantsito bat jarraitzeko batu ginen eta gogoan dut 2026ko eklipseari buruz berbetan ibili ginela orduan, Durangon eta Durangaldean ere ikusiko zelako.
Zure lehenengo eklipsea izango da?
Nire lehenengo eklipse totala izango da, bai. 90eko hamarkada amaieran, uste dut 1999. urtea zela, eklipse partzial bat ikusi nuen. Hemendik ere ikusi zitekeen. 14-15 urte nituen orduan. Gogoan dut oso momentu polita izan zela. Eklipse baten nondik norakoak ez nituen guztiz ezagutzen, baina sentitu nuena ez zait ahaztu oraindino. Harrezkero ez dut gehiago ikusi; eklipse ehiztaria izate garestia da eta sarritan urrun joan beharra dago.
Zelakoa da Durangaldean eklipsea ikusteko aukera? Eguraldiak lagunduko du?
Euskalmeten eta antzeko webguneetan begiratu dut azken hogei urteetan zer eguraldi egin duen eskualdean abuztuaren 12an, arratsalde inguruan. Hamalau bider eguraldi ona egin du eta seitan txarra edo lainotua. Beraz, %70 inguruko probabilitatea dago eguraldi ona egiteko. Ez da probabilitate txarra, baina badakigu Euskal Herriko eguraldia ez dela beti fidagarria.
Izarrakoek non ikusiko duzue eklipsea?
Burgosko Paramo de Masa ingurune naturalera joatea da gure asmoa. Hainbat arrazoigaitik aukeratu dugu toki hori. Batetik, han azken 20 urteetan abuztuaren 12an egindako eguraldia aztertu dut. Datu horiekin, arratsalde eguzkitsua egiteko probabilitatea %95ekoa da. Bestetik, inguru laua da eta hori inportantea da, eklipsea gertatzen den unean eguzkia horizontean baxu egongo delako. Azkenik, eklipsearen totalitateak Durangaldean baino gehiago iraungo du: minutu eta erdi gutxi gorabehera. Ez dakit zenbat jende batuko den han. Beharbada askok ideia berdina izan dugu eta jende asko batuko da.
Zer aholku emango zenioke Durangaldean geratzen denari?
Ahal den neurrian, mendira edo toki garai batera joateko. Kontuan hartu beharreko daturik garrantzitsuena hauxe da: mendebaldea ondo ikusi dadila. Esaterako, Oizen dagoenak Aramotz ingurura begiratu beharko du. Eta beste aholku bat ere emango nioke eklipsea ikusten doanari: geratu dadila denbora gehiagoan.
Zergaitik?
Abuztuaren 12ko gaua Pertseiden euriaren unerik onena izango delako. Herri hizkeran 'izar iheskorrak' deitzen diren meteoroak dira Pertseidak, eta urteko ikuskizun astronomikorik ezagunenetariko bat osatzen dute. Gainera, ilberria izango denez, zerua ilunago egongo da eta oraindino hobeto ikusiko dira. Ez da plan txarra: eklipsea lehenengo, eta Pertseidak gero.
Zein da eklipseen inguruan jendeak egiten dizuen kontsulta nagusia?
Zergaitik ez diren gehiago egoten edo zergaitik hartzen duten hain zonalde txikia. Urtean zehar antolatzen ditugun ekimenak aproposak izaten dira horrelako dudak argitzeko eta datu kuriosoak emateko. Esaterako, kuriositate legez, eguzki eklipsea ilberan izaten da beti, eta ilargi eklipsea ilgoran.
Eklipseek astronomiarako zaletasuna pizten laguntzen dute?
Baietz esango nuke. Eklipseekin errazago 'saltzen' da astronomia. Teleskopio batetik planetak edo bestelako astro batzuk ikusi ditzakezu, baina eklipsea handiagoa da eta norbere begiekin ikusten da. Hori sentsazio berezia da.
Kuriositatez, zelan zaletu zinen astronomiara?
Ez dakit seguru, baina izarrak txikitatik gustatu zaizkit. Izarra elkartea 1992an sortu zen eta ni 2000. urte bueltan batu nintzen elkartera. Harrezkero hemen nabil eta gaur egun presidentea naiz.
Bideoan erabilitako argazkiak: eclipses.ign.es, Fred Espenak, ESA / M.P. Ayucar eta NASA / Aubrey Gemignani.