Zer gertatuko da eklipsea hasten denetik amaitzen den arte? Zer ikusiko dugu une bakoitzean?
Eklipsearen hasieran, ilargia eguzkiaren aurretik igarotzen hasiko da eta betaurreko aproposak jarrita eguzkia apurka estaltzen doala ikusiko dugu. Ilargia bera ez dugu ikusiko, argi kontrastearengatik; ilberri fasean gaude eta Lurrera begira duen aldea itzaletan dago. Durangaldean eklipse osoa izango dugu segundo batzuetan: ilargiak guztiz estaliko du eguzkia. Une horretan baino ezingo ditugu kendu betaurrekoak, eguzkiaren koroa ikusteko. Eguzkiaren kanpoko geruza da koroa eta Lurretik begi hutsez eklipse oso batean baino ezin da ikusi. Eklipsearen totalitatearen amaieran, segundo batez edo, Bailyren perlak agertuko dira. Eklipsearen ertzean agertzen diren argi puntuak dira. Izan ere, ilargiaren gainazala ez da guztiz laua; mendiak eta bailarak ditu eta eguzkiaren izpiak bailaretatik igarotzen direnean argi-puntu batzuk bezala ikusten dira. Handik berehala, beste instante labur batean, diamante-eraztunaren efektua ikusi ahal izango da, eguzkiaren lehenengo izpia berriro agertzen den unea. Orduan eklipseko betaurrekoak ipini beharko dira berriz ere, eta hortik aurrera eguzkia apurka-apurka berriro agertzen ikusiko dugu. Eklipsearen ondorio bat da tenperatura jaitsi egingo dela. Eklipse luzeetan 10 graduraino jaitsi daiteke. Gurea ez da hain luzea eta tenperatura jaitsiera ez da hain nabarmena izango.
Euskal Herrian noiztik ez dugu eklipse totalik izan?
Azkena 1905ean izan zen. Hurrengo eklipse totala 2183an izango dugu Euskal Herrian.
Eklipse partzialak gehiagotan ere izan dira.
Bai, partzialak izan ditugu. Adibidez, iazko martxoan izan genuen bat. Eguzkiaren %21 inguru estali zen. Bestalde, abuztuaren 28an ilargi eklipse bat izango dugu. Ilargia %95ean estaliko da.
Abuztuaren 12koa ilunabar inguruan izango da. Horrek zer berezitasun ematen dio fenomenoari?
Berezitasunetariko bat da eguzkia oso baxu egongo dela horizontean. Horregatik, behaketa-lekua ondo aukeratu behar da, mendirik edo oztoporik gabeko mendebaldeko ikuspegia duen toki bat. Gainera, eklipsearen osotasunaren unean eguzkia baxu egongo denez, zerua normalean baino ilunago egongo dela uste dugu.
Euskal Herrian zeintzuk dira behatokirik onenak eklipsea ikusteko? Toki garai batera igo behar da?
Eklipsea ikusteko, mendebaldeko horizontea ahalik eta garbien ikustea da garrantzitsuena. Leku garai batera igotzeak mendebaldea garbi egongo dela segurtatzen du, baina ez da ezinbestekoa. Mendebaldea garbi badago toki baxuan egonda ere ondo ikusiko da.
Segurtasunari dagokionez, zer hartu behar da kontuan?
Segurtasunari dagokionez, arau nagusia da eguzkiari begiratzen diogun bakoitzean eklipseko betaurreko homologatuak erabiltzea. Salbuespen bakarra ilargiak eguzkia %100 estaltzen duen unea da. Une horretan baino ez dira kendu behar betaurrekoak, eta kontuan hartu behar da osotasunaren iraupena aldatu egiten dela tokiaren arabera. Eklipseko betaurreko homologatuak ez dira garestiak; Aranzadin bost euroan ditugu salgai.
Saltzaile asko esaten ari dira eklipse batetik bestera betaurrekoak aldatu behar direla. Ez da egia. Ondo zaintzen badira, iragazkia urratu gabe, hurrengo eklipseetarako ere balioko du.
Eta neurriak hartu behar dira eklipsea mugikorren bitartez jarraitzeko?
Printzipioz ez, mugikorretik begiratzen badugu ez gaudelako eguzkiari zuzenean begira. Denok atera izan diogu inoiz argazkiren bat eta eguzkiari ez da ezer gertatzen. Kontua da eklipse batean luzaroago egongo garela begira. Orduan, kamaren sentsorea berotu eta hondatu egin daiteke. Beraz, ez da komenigarria. Mugikorraren aurrean filtroren bat jartzea litzateke egokiena; eklipserako betaurrekoa bera izan daiteke.
Zuk zelan biziko duzu eklipsea?
Eklipsearen egunean lanean arituko naiz. ETBrentzako programa berezi batean parte hartuko dut eta Araban izango naiz fenomenoaren berri ematen. Beraz, lanean egongo naiz, baina aldi berean eklipseaz gozatzen.
Inoiz ikusi duzu eklipsea osorik?
Ez, nire lehenengo eklipse osoa izango da. Hala ere, eklipse asko zuzenean bizi izan dituzten pertsonak ezagutzen ditut. Esaterako, estatuan eklipserik gehien ikusi duen pertsona ezagutzen dut. Salamancarra da eta abuztukoa hamahirugarren eklipsea izango du. Berak beti esaten du eklipse oso bat bizitzea esperientzia berezia dela eta behin ikusita harrapatu egiten duela.