Urtebete igaro da Kaletik Gaztetxera dinamikak Montorreta kaleko marmol lantegi zaharra okupatu eta gaztetxea eratu zuenetik. Eta efemeridea ospatzeko, gaztetxeko kideek urteurren jaia egingo dute zapatu honetan. "Proiektua sendotu egin da lehenengo urte honetan", adierazi du Ander Sarriugarte gaztetxeko kideak. "Bai gaztetxea bai asanblada forma eta itxura hartzen joan dira, eta horixe ospatzera gatoz", gaineratu du. Uda giroan egingo dute, gainera, jaia: udako gazte egunaren aterkipean.
Gaztetxeko kideek gogorarazi dute egitarau oparoa ondu dutela urte osoan zehar. Horren erakusgarri dira, besteak beste, Palestinaren aldeko eguna, Durangoko Azokako egunetan antolatutako egitarau propioa, inauterietako ekitaldiak zein aldiro-aldiro antolaturiko bertso kebapak. Horrez gainera, bestelako aisialdi eskaintza bat bultzatzen dabiltzala ere gogorarazi dute: "Adibidez, gaztetxeko arte taldeak bertan du estudioa, eta fanzineak lantzen dabiltza. Bertso eskolak ere bertan eskaintzen ditu klaseak, eta astean zehar doako borroka klaseak eskaintzen ditugu gaztetxean bertan", azaldu du Sarriugartek. "Momentu oso jendetsuak egon dira, eta aurrerantzean ere bestelako aisialdia sustatzen jarraituko dugu, hainbat adarregaz", gaineratu du durangarrak.
Hala ere, gaztetxeko kideen berbetan, proiektuaren egoera "ez da egonkorra". Horregatik, gazteak animatu dituzte bertaratzera eta "gaztetxea bere egitera". Funtsean, gorputza hartu duen proiektuari bultzada ematera.
URTEURRENEKO EGITARAUA (Ekainak 20)
- 12:30 Kamiseten banaketa
- 13:00 Marianito edana
- 14:00 Bazkaria
- Ondoren, sobremesako olinpiadak
- 18:00 Futbito txapelketako finala San Fauston
- 19:00 Txaranga
- 22:00 Kontzertuak: Eztanda erromeria eta DJ Xirimiri