‘Kaletik Gaztetxera’ dinamikak Montorretako lantegi bat okupatu du

Anboto 2025ko eka. 17a, 18:39

Garai bateko marmol-lantegia okupatu dute, Argintza enpresa. Gazteak “duela hainbat egun” sartu ziren eraikinera, baina ekintza gaur egin dute publiko. 

Kaletik Gaztetxera dinamikako kideek, ekintza berri bat egin dute udalerrian gaztetxe egonkor bat sortzeko helburuz: Montorreta kaleko eraikin bat okupatu dute, Argintza lantegia, sasoi batean marmol-fabrika izandakoa. Gazteek ANBOTOri jakinarazi diotenez, lantegia “erabilerarik barik”, egon da azken urteotan, eta gaztetxe bihurtuta, “biziberritzea” eskainiko diote eraikinari. 

“Aspaldidanik gabiltza Durangok gaztetxe bat behar duela aldarrikatzen. Ez eraikina izate hutsagatik, gazteon proiektuak garatu ahal izateko tresna modura erabiltzeko baino. Izan ere, eraikinak berme eta baldintza batzuk eskaintzen dizkigu urte osoan zehar, adibidez, herrian beharrezkoak diren bestelako aisialdi eskaintza batzuk gauzatzeko”, azaldu dute dinamikako kideek. Alde horretatik, eraikin okupatu berria “gazteak antolatzeko, gazteak lehen lerrora eramateko” eta beren “politizaziorako” tresna izatea gura dute, baita “kultur ekintzen doakotasuna eta gazteen egonezin artistikoa asetzea ahalbidetuko duen espazioa” izatea ere.  

Aurrerantzean herriko gazte guztiei begirako ekintzak antolatuko dituztela iragarri dute. “Egitarauak prestatuko ditugu, eta horien berri ematen joango gara”, aurreratu dute.  Okupatutako eraikinaz aparte, Kaletik Gaztetxera dinamikak Udako Gazte Eguna ospatuko du zapatuan, Otamotzenan. Gaztetxe berriaren lanketa “oso presente” egongo dela azaldu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!