Mankomunitateak belodromoaren "lidergo instituzionala" hartzea proposatu zion atzo Bizkaiko Foru Aldundiari, eta, orain, EAJk proposamen hori kritikatu du, asmo horrek Mankomunitateko arduradunen "kudeaketa falta" ezkutatzen duela iritzita. Jeltzaleek EH Bildu egin du egoeraren erantzule (koalizioa dago Mankomunitateko gobernu taldean), talde subiranistak Aldundiaren esku utzi duelakoan belodromoa estaltzeko ardura.
Mankomunitateak orain arte argudiatu duenez, belodromoa estaltzeak "modu oso nabarmenean" baldintzatuko luke "erakundearen finantza gaitasuna eta zerbitzu publikoei erantzuteko aukera". Alabaina, EAJren esanetan, kontua bestelakoa da, Mankomunitateak "3 milioi euro" baititu "bermatuta" lanen lehen faserako: "1,5 milioi euro Mankomunitateak berak gordeta ditu, eta beste 1,5 milioi euro Bizkaiko Foru Aldundiak jarri ditu. Falta den kopurua, beraz, 500.000 eurokoa da", plazaratu du EAJk.
Hori guztia dela eta, "ulertezintzat" jo dute tokiko erakundeak Aldundiari egindako proposamena: "Mankomunitateak 2025eko irailetik du proiektua bere esku, eta ordutik ezagutzen ditu behin betiko kostuak. Horregatik, ulertezina da hilabete hauetan finantzaketa osagarria bilatzeko, laguntzak lortzeko edo Durangalderako estrategikoa den azpiegitura baten alde beharrezko adostasunak eraikitzeko lan serioa ez egitea", salatu dute.
"Bertsio interesatua"
Era berean, gertaeren "bertsio interesatua" zabaltzea ere egotzi diete subiranistei: EAJk esan du eskualdeko alkateek proiektuaren etorkizuna aztertzeko bilera egin zutela eguaztenean, eta, bilkura hartan, EH Bilduk "konpromisoa" hartu zuela Aldundiarekin izatekoa zuten bilerari buruzko informazioa partekatzeko. Alabaina, jeltzaleen berbetan, subiranistek ez dute ondorioen berri eman, eta, horrenbestez, ez dute "aldez aurretik hartutako konpromisoa errespetatu".