2027an hasi gura dute Plateruena berrizten

E.H. 2026ko ekainaren 10a

Mireia Elkoroiribe alkatea eta Paule Sanchez zinegotzia. DURANGOKO UDALA

Udalak lehiaketa publikora atera du eraberritze-proiektuaren idazketa. Aretoa "optimizatu" gura dute, eta haren edukiera "ekitaldi motaren arabera egokitu". Era berean, "musika sorkuntzarako espazio osagarriak" atontzea ere aurreikusi dute.

Durangoko Udalak epe bi markatu ditu Plateruena berrizten hasteko: proiektua urte amaierarako "prest" izatea gura du, eta lanak, aurreikuspenen arabera, "2027aren hasieran" abiatuko dira. Aretoa "berreskuratu eta optimizatu" gura dute, haren edukiera ekitaldi mota bakoitzera egokitzeko, eta "musika sorkuntzarako, aurkezpenetarako eta foroetarako espazio osagarriak" atondu. Halaber, beheko solairuak sukaldea eta taberna izango dituela ere zehaztu du udalak. 82.644 euroan kuantifikatu dute proiektu osoa idazteko aurrekontua. Enpresa interesdunek ekainaren 19ra arteko epea dute eskaintzak aurkezteko.

2025ko apirilean, berrizte lanak urte horretako abenduan hasiko zirela iragarri zuen udalak. Durangoko Azoka amaitu eta gero, hain zuzen ere. Alabaina, lanak atzeratu egin dira ordutik. Edozelan ere, udalak eutsi egin dio Plateruena kulturarentzako eta musikarentzako "erreferentziazko zentro" bihurtzeko asmoari. Azpiegitura "moderno, seguru eta irisgarria" eskaini gura du "herritarrentzat zein jardueretan parte hartzen duten artistentzat". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!