Durangoko Udalak Plateruena Musika Aterpea proiektua "estrategikoa" dela nabarmendu du, eta udalerriaren kultur nortasuna indartzeko, eta Bizkaia mailan erreferentziazko bihurtzeko helburua duela azpimarratu. Bestalde, jakitera eman du proiektuak Aldundiaren babesa duela, eta "duela gutxi" egindako bilera batean Leixuri Arrizabalaga Euskara, kultura eta kirol saileko diputatuak eta Begoña de Ibarra Kultura zuzendari nagusiak parte hartu zutela. "Erakundeen arteko lankidetza eta herritarren inplikazioa funtsezkoak izango dira espazio berriari forma emateko: inklusiboa, jasangarria eta eraldatzailea izatea da helburua", azaldu du oharrean udalak. Bestalde, Udalak instalazioak berritzeko proiektua "datozen asteetan" arukeztuko duela iragarri du. Aurreratutakoaren arabera, lan horiek Durangoko Azokaren ostean hasiko dituzte, eta 2026an zehar garatuko dira.
Iazko urte amaieran eman zuten Plateruena Musika Aterpea ekimenaren berri Durangoko udal ordezkariek. "Bizkaiko eta Euskal Herriko erreferente musikala, eta talentu gazteen garapen profesionala eta Durangoko eta bizkaiko industria musikala indartzeko" helburua du ekimenak. Eraikinean "eraldaketa tekniko sakona" egitea aurreikusten da horretarako lehen urratsa izango dira lanak. Besteak beste, eszenatokia osorik eraberrituko da, barra berrantolatuko da, eta arrapala irisgarria eta komun publiko berriak aurreikusten dituzte; zoladura eta argiztapen sistema berriak, eta hiru teloi monitorizatu jarriko dituztela dio udalak, baita "espazioa formatu eta ekitaldi desberdinetara" egokituko duela ere. Solairuartea ere osorik eraberrituko dute, eta sotoa osorik berrantolatu.