Duelu ezin parekatuagoa izan duzue. Pozik zaudete emaitzagaz?
Iban Rodriguez: Bai, baina emaitzak ez du ardura. Egindako lanagaz pozik egotea zen inportanteena. Eta pozik gaude.
Petri Estudillo: Halaxe da! Duelua hasi aurretik horixe zen helburua. Emaitza jakinda, ezin hobeto joan da dena. Oso pozik gaude egindako lanagaz.
Laguntzaile finak izan dituzue!
P.E.: Bai! Urduritasun puntua ere sortzen da eta.
I.R.: Bai. Hala ere, azkenean nahiko ondo ibili gara. Estres gehiago izango genuela pentsatzen nuen. Gainera, dena garbi-garbi mantendu dugu.
P.E.: Elkar ezagutzen dugunez, badakigu zelan lan egiten dugun, eta hori igartzen da.
Afaltiarren partetik, zelako feedback-a jaso zenuten?
P.E.: Oso ona! Pozik zeuden, eta eskertuta.
I.R.: Bai. Gustura egon zirela esango nuke.
P.E.: Ia aurrerantzean gehiago animatzen diren dueluan parte hartzera!
Lan handia da?
I.R.: Gustuko tokian aldatsik ez! (barrez) Orain hilabete hasiko ginen prestaketa lanekin, probak egiten... Zeozer berezia egitea izaten da helburua, eta ahalegin hori egiten dugu. Batzuetan ondo irteten da, besteetan ez. Egindako bide hori ere polita da.
P.E.: Denbora asko eta buelta asko ematea eskatzen du. Lana da, baina merezi du!
I.R.: Gure onena eman gura izan dugu.
Zein pintxo aurkeztu duzue bakoitzak?
I.R.: Lehenengo, gazpatxo trampantojo bat egin nuen, xanpaina zirudien edaria aurkeztu nuen. Harrituta uztea zen asmoa. Horregaz, pikillo piperragaz egindako krema, berdel ondua, ziapea eta lore jangarriak aurkeztu nituen, hazidun ogi xerra batean zabalduta. Bigarrenari 'Pekatu kapitalak' deitu nion: edalontzi erakargarri eta sendoa hirugiharrez, marmeladaz, onddo risottoz, masail-okela xehatuz eta arrautza gorringoz beteta. Dena nahastuta jateko zen.
P.E.: Lehenengoan mazamorra, gelatina-ore bihurtutako laranja zukua, mahatsa, bakailaoa eta tipula ozpindua ipini nituen tosta batean, geruzarik geruza. Bigarrenean, Lumagorri oilasko hegaltxoak aurkeztu nituen, guakamole eta antxoekin beterik. Pasteltxo batek lagunduta zeuden. Pintxoak cherry tomate infusionatua zuen, baita nire amak kozinatzen duen saltsa bat ere.
Batak bestearen pintxoak probatu zenituzten?
I.R.: Jakina!
P.E.: Talde lana izan zen. Bakoitzak berea egin arren, dena probatzen aritu ginen.
I.R.: Lehiaketa oso zintzoa izan zen, batak besteari iritzia ematen genion une oro.
Gomendiorik hurrengoentzat?
I.R.: Disfrutatzea, besterik ez! Probatzea eta arriskatzea.
P.E.: Horixe da osagairik garrantzitsuena.
Zer ikasten da horrelako duelu batean?
I.R.: Ni neu pozarren joan nintzen etxera. Ez da erraza 35 lagunentzat pintxoak prestatzea!
P.E.: Antolatzen, denbora eta aurrekontua kalkulatzen. Erronka izan da. Beti dago zer ikasi. Oso gustura eta lasai egon ginen, hori ere ikasketa izan da.
MOTZEAN
Pintxo bat eta horregaz hartzeko edari bat?
P.E.: Gilda, bermutagaz.
I.R.: Patata tortilla on bat, ardo beltzagaz.
Patata tortilla, tipulagaz ala tipularik barik?
P.E.: Tipulagaz, mesedez.
I.R.: Tipulagaz, beti.
Gastronomia bat?
P.E.: Euskalduna.
I.R.: Euskalduna.