#0km

'Berriro' jaio da: tokiko saltokietan deskontuak eta abantailak lortzeko tresna

Ekaitz Herrera 2026ko maiatzaren 19a

Aplikazioa Durangaldean erabili ahalko da lehenik, Arratia-Nerbioi eskualdeagaz batera. Gero, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osora zabalduko dute haren erabilera. 

Euskadiko dendariek tresna berri bat sortu dute tokiko komertzioetako salerosketak bultzatzeko: Berriro. Norabide biko tresna da, bezeroentzat zein dendarientzat aproposa. Lehenengoek deskontuak eta abantailak lortu ahalko dituztelako dendetan, eta bigarrenek bezeroak fidelizatzea lortuko dutelako trukean. Aplikazioa berriro.eus atarian deskargatu daiteke honezkero, eta nahikoa da datu pertsonal gutxi batzuk betetzea abantailez gozatzen hasteko.  

Bezeroaren ikuspegitik sinplea da funtzionamendua: erosleak komertzioren batera hurreratu eta gutxieneko erosketa bat egin beharko du. Eta behin hori eginda, denda bakoitzaren araberako onurak lortuko ditu. Batetik, diru-zorro bat, erosketak egin ahala metatzen joango dena, eta establezimendu horretako hurrengo erosketetan deskontu modura erabili ahalko duena. Bestetik, puntu-zorro bat jasoko du, saltoki zehatz horretan bakarrik barik Berriro sareko edozein dendatan erabili ahalko duena. Durangon zein Donostian, eta Elorrion zein Gasteizen. Erosleak, hori bai, dendak ezarritako gutxieneko erosketa egin beharko du.  

Aplikazioa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako merkataritza osora zabalik dagoen arren, Durangaldea izango da hura erabiltzen lehena. Horregatik, egitasmoaren bultzatzaileek aplikazioan izena ematera deitu dituzte bai dendariak bai erosleak. Eusko Jaurlaritzako merkataritza saila, Bizkaidendak eta Euskaldendak daude egitasmoaren atzean.

Onurak lehendabiziko erabiltzaileentzat

Hasierako fasean erabiltzaile egiten direnek 5 euro jasoko dituzte opari, 20 eurotik orako erosketetan erabiltzeko. Eskualde bakoitzeko gehienezko muga 8.000 eurokoa izango da. Era berean, Durangoko Udalak 10.000 euroko ekarpena egingo du lehen erosketaren sustapenerako.

Jakes Agirrezabal merkataritza sailburuordeak esan duenez, aplikazioak "sektoreko erronka handi bati heltzeko" balioko du: fidelizazioari. Bizkaidendakeko Jose Andres Cebrecosek gaineratu duenez, "teknologiatik haragoko tresna" da, "komertzioek beraiek diseinatu dutelako, beren beharrizanak behatuta eta horiei erantzunda". Dendak Baiko Alex Palaciosek "erraminta erraz eta sinple" modura sefinitu du. Mireia Elkoroiribe alkateak eta Jesica Ruiz alkateordeak erraminta erabiltzera deitu dituzte herritarrak eta dendariak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!