"Erakusketa hau Oteizak Durangori egin gura izan zion opari bat da"

Ekaitz Herrera 2026ko maiatzaren 15a

David Pavo, Arte eta Historia Museoan.

Bost hamarkada igaro eta gero, Jorge Oteizak Durangon egin gura zuen erakusketa berreskuratu dute Arte eta Historia Museoan. David Pavo Cuadrado (Ermua, 1987) proiektuaren komisarioa izan da egitasmoaren bultzatzailea. Abuztuaren 30era bitartean, artista oriotarraren lanak ikusgai izango dira Durangon.

Zergaitik Oteiza? 
Nire prestakuntza eskultura arlokoa da eta doktoretza-tesia Oteizari buruz egin nuen. Gehien ikertu eta landu dudan artista da eta, nire iritzian, egin beharra zegoen. Oteizaren obra eta pentsamendua oso argigarriak dira; izan ere, ez da bakarrik obra ikaragarri bat maila unibertsalean, geroago eta gehiago baloratzen dena, harago doan zeozer baino; bere pentsamenduak, testuek eta idazkerak arte sorkuntzaren konplexutasunetan sartzeko tresna legez balio digute.

Durangon kokatuko gara, 1970ean. Zelan amaitu du Durangorako erakusketa honek Oteizaren eskuetan?
Alde batetik, Juan Daniel Fullaondo arkitektoa eta Fernando Olabarria Durangoko Ezkurdi plazaren proiektua garatzen zebiltzan. Hartu-eman handia zuten euren artean. Fullaondok hainbat liburu eta aldizkari eskaini zion, 1968ko Nueva Forma aldizkaria, adibidez, eta esango nuke Oteizak bazekiela Durangoko Ezkurdi plazan erakusketa areto bat egongo zela. Bestalde, testuingurua Oteizak bere esperimentazioa, bere laborategi esperimentala amaitu zuen garaikoa da; eskultura “adierazpen” legez utzi zuela esaten zuen, nahiz eta hori tranpa izan, eskultura egiten jarraitzen zuelako. Ondoren, gehiago dedikatu zen laborategian eraikitako sentsibilitate hori gizarteari aplikatzera, arkitektura proiektuen eta dibulgazioaren bitartez. Gaur taldea urte bi lehenago sortu zen, 1968an. Hartara, Euskal Herrian Gaur taldeagaz sortu zena zabaltzeko marko horretan, munduan nabarmendu zen artista multzo haregaz —27ko belaunaldiaren edo errealismo magikoaren parekoa izan zitekeena—, bere obra zabaldu zuen. Horregaitik dio uneren batean: “Erakusketa bat zaharkituta bezalako zerbait da, baina tira, hau idazten dut”. Horixe da erakusketa proposamen hau sortzeko ernamuina.

Zergaitik ez zen gauzatu? Badakigu?
Ez dakigu. Informazio hutsune asko dago, isiluneak... ez dakit ezkutatu egiten diren ala besterik barik, ez dela ezer esaten. Leopoldo Zugaza zen Ezkurdi erakusketa aretoko zuzendaria, eta gero Ezkurdirako osatutako bilduma osoa Durangoko Museora ekarri zuten; Durangoko Museoaren bilduma da. Nahiz eta Oteizaren artxiboan Leopoldo Zugazaren hainbat gutun egon, atera dudan ondorioa da euren hartu-emana ez zela oso ona. Esanguratsua da —katalogoan esaten dut— Durangoko Arte eta Historia Museoaren bilduman Gaur taldeko ia artista guztien lanak egotea, Oteizarenak izan ezik. Dokumentu batean, “baztertua”, “egin bakoa” edo antzeko zeozer ipintzen du, hemen ditugun obren zerrenda batean, besterik ez. Ez da ezer gehiago aipatzen eta artxiboan abandonatuta geratu zen.

Zuk audio batzuk entzun eta hortik abiatu zen proiektua. Zelakoa da prozesu hori?
Doktoretza-tesia egiten nenbilen eta 2018-2019 inguruan Jorge Oteizaren berbaldi batzuk berreskuratu nituen. Hego Amerikan emandako hitzaldiak, hori izan baita, hain zuzen ere, doktoratu ondoren egin dudan ikerketa: Oteizaren argitaratu bako hitzaldi horiek berreskuratzea. Eta berbaldiak bilatzen nenbilela, Durangoko bat agertu zen. Garazi Arrizabalaga Museoko zuzendariagaz berba egin nuen erakusketari buruz galdetzeko, baina esan zidan sekula ere ez zela egin. Harrituta geratu nintzen. Sei orrialdeko hitzaldi bat dago, Oteizak hitzaldi hori irakurtzen duen 40 minutuko audio bat dago, piezen oinarrien neurriak dituzten dokumentuak... Material asko dago. Hortik aurrera, Durangoko erakusketarako proiektu hau berreraikitzea planteatu genuen. Oteizaren proiektu bat. Hau da, piezak Oteizak berak aukeraturikoak, ez beste inork.

Horrek dakarren erantzukizun guztiagaz.
Oteiza maila unibertsaleko artista bat da. Richard Serra eskultore minimalista estatubatuarrak esaten zuen moduan, munduko bost eskultorerik ezinbestekoenetariko bat. Eta hori guztia ahalik eta integritaterik handienagaz sortzen ahalegindu behar zen.

Zelakoa izan da ekimenaren prozesua?
Hitzaldi horietan eta beste dokumentu batzuetan obren zerrendak egiten ditu. Hala ere, gatxa izan da, Oteizak proiektua egin zuenetik 50 urte baino gehiago joan direlako eta gauza asko gertatu delako bere inguruan. Bere lanekin osaturiko Fundazio bat dago, ikerketa eta azterketa asko argitaratu da, eskulturaren katalogo arrazoitua dago... Hau da, egoera bestelakoa da, eta obren tituluak ere aldatu egin dira. Lan konplexua izan da Oteiza Fundazioko teknikarientzat ere.

Hautaketa honegaz zer komunikatu gura izan zigun Oteizak? Zer esan gura zuen?
Oso eklektikoa da, momentu esperimental oso desberdinetako piezak direlako bere laborategi esperimentalaren barruan, 1948tik 1958ra arteko bere esperimentazioaren muina den horretan. Baina oso pieza desberdinak dira, data desberdinetakoak ere bai, urte bateko edo biko aldea baino ez badute ere batzuek. Espazioaren hustura da erakusketaren titulua ere. Figurazio apur bat duen estatua batetik abiatzen da, nahiz eta abstraktuago bihurtzen hasi, Arantzazuko Apostoluen eskulturetan legez, eta apurka-apurka masa zabaltzen hasten da. Beste irekiera batzuk egiten hasten da, planoagaz eta arkitekturagaz lan egiten, esferaren desokupazioa beste modu batzuetan landuta.

Zergaitik etorri behar dugu Durangoko erakusketa hau bisitatzera?
Pribilegio bat delako Durangorentzat obra hauek hemen izatea. Lan batzuk nahiko ezagunak dira; beste batzuk, ostera, oso gutxitan erakutsi diren pieza bereziak dira. Collageen zatia ere badago, gutxi erakusten den obra mota bat, niri pertsonalki asko gustatzen zaidana, eta laborategi eta esperimentazio kutsu handia duena. Bestalde, proiektu berezia da, Oteizaren ideiatik abiatzen delako. Ez da zehazki Oteizak egingo lukeena, jakina, baina ideia mantentzen da, eta ahalik eta ondoen zaintzen eta biltzen ahalegindu gara, gure esfortzu guztiagaz, Oteiza Fundazioaren ezagutzagaz eta denen laguntzagaz. Oteizak Durangori egin gura izan zion opari bat da. Beraz, etortzera gonbidatzen zaituztet.

Desadostasunak

 

Ezkurdiko Udal Kultur Aretoen garrantziaz jabetzeko, Astola aldizkarian Mikel Onandiaren lan bi irakurtzea komeni da: Ezkurdi plaza (9. zenbakian) eta Udal Kultur Aretoak (13. zenbakian); izan ere, Leopoldo Zugazaren zuzendaritzapean euskal abangoardiaren erreferente bihurtu ziren. Aretoek 1970eko uztailaren 16an zabaldu zituzten ateak. Inaugurazio erakusketak José María Moreno Galvanek —Triunfo aldizkariko kritikariak— zuzenduriko grafiko bilduma bat bildu zuen, Espainiako arte grafikoetako erreprodukzio, grabatu eta miniaturaz osatua. Ondoren, eta urte amaierara arte, Gipuzkoako margolari gazteen erakusketa kolektibo bat hartu zuten: Marta Cárdenas, Carlos Sanz, Ramon Zuriarrain eta Vicente Amestoyrena; baita Néstor Basterretxearen zeramika, eskultura eta olio-pinturen erakusketa bat ere, eta beste hainbat erakusketa José Manaut Viglietti margolariari —40ko hamarkadan Durangon konfinatua izan zen bere militantzia antifaxistarengaitik—, Agustín Ibarrolari, Luis Saezi eta Arturo Acebal Idigorasi eskainiak. Dirudienez, Leopoldo Zugazak akordioa lortu zuen oraingo Espazioaren hustura erakusketa egiteko, baina ez zen gauzatu, ez Leopoldo Zugazak ezta Oteizak ere inoiz argitu gura izan ez zituzten arrazoiengaitik.

Oteizak Zugazagaz izan zuen hartu-emana Leopoldo Zugazak berak Oteizari bidalitako hiru gutunetan ageri da jasota: 1966ko maiatz ingurukoa, 1963ko maiatzaren 1ekoa eta 1972ko maiatzaren 29koa; gaur egun Oteiza Museoko Dokumentu Fondoan daude, baina haietariko bakar batean ere ez da Durangorako erakusketaren aipamenik egiten, eta hori benetan gertaera handia izango zen. Pentsa dezakegu Oteizaren lehenengo porrot hau (1970), eta gerora etorritakoak (Sabin Etxekoa eta Alondegikoa), erabakigarriak izan zirela eskultoreak bere ondare guztia Azuzari uztea erabakitzeko.

Leopoldo Zugazak hainbatetan izan zuen hartu-emana Oteizagaz: Quosque tandem...!-en agerpena, Acteon proiektua, Iruñeko topaketak, Barakaldon Convergencia para un vacío kokatzea; baina ez zuen haietako bati buruz ere azalpen publikorik eman.

Oteizak ez zuen erakusketa honi buruzko testigantzarik utzi Miguel Pelay Orozcok idatzitako bere biografia osoan (1978), baina proiektua bere Museo Fundazioan gorde zuen; horri eskerrrak, gaur egun Durangoko Arte eta Historia Museoan gozatu dezakegu.

Erakusketa hau bere garai abstraktuaren sintesitzat hartu daiteke, eta 1987an Bilboko Museoan egin zen Propósito experimental erakusketa osoaren aurrekari legez.

Ondorioztatu dezakegu desadostasun honen sekretua Jorge Oteizarena zein Zugazarena dela, eta edozein iritzi oinarririk bako hipotesi hutsa baino ez dela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!