Ekitaldiari hasiera ikusgarria eman zion Julen Saenz de Ormijanak. Trial bike modalitateko txirrindulariak erakustaldia eskaini zuen oholtza gainean, ikusleen txalo artean. Gainera, asteburuan Munduko Kopako proba bat irabazi berri zuela gogoratu zuten antolatzaileek.
Harrobiari eskaini zioten aurkezpeneko lehen zatia. Durangaldeko Bizikleta Eskolak gaur egun ia 80 ume biltzen dituela azaldu zuten arduradunek, eta belaunaldi berriak txirrindularitzara erakartzeko egiten duten lana nabarmendu zuten. Eskolaren jardueraren barruan, maiatzaren 31n umeentzako lasterketa bat egingo dute Iurretan.
Ondoren, emakumezkoen Occident Taldea aurkeztu zuten. Kadete eta gazte mailako txirrindulariz osatuta, iaz abiatu zen proiektuari aurten jarraipena emango diote. Jarraian, Cafe Dromedario-Flotamet taldea igo zen oholtzara. Kadete eta junior mailako txirrindulariek osatuta, bi adar ditu: mendiko bizikletakoa eta errepidekoa. Klubak jakinarazi zuenez, maiatzaren 23an kadete mailako lasterketa antolatuko zuten Durangon, eta juniorren proba ekainaren 6an, Urkiolan amaituko dena.
Azkenik, Eiser-Hirumet taldearen txanda izan zen. 23 urtez azpiko eta elite mailako txirrindulariek osatzen dute taldea. Denboraldi berriari ilusioz ekingo ziotela adierazi zuten taldeko arduradunek.
Durangoko Klasikoa maiatzaren 19an
Arratsaldeko une garrantzitsuenetako bat Durangoko Klasikoaren aurkezpena izan zen. Maiatzaren 19anlehiatuko da, 110 kilometroko ibilbidearekin. Proba arratsaldeko 15:00etan abiatuko zela Ezkurditik eta helmuga ere bertan izango da. Lasterketak aurten ere maila handiko parte-hartzea izango zuela nabarmendu zuten.