Durangoko enpresa bateko zazpi langile artseniko kutsaduragatik bajan daudela eta, Herriaren Eskubidea kezkatuta agertu da. Talde independenteak dioenez, "enpresak denbora darama artseniko kontzentrazioak erregistratzen", eta horiek "legeak ezarritako muga bider bost" direla diote. Egoera horrek, hain zuzen ere, udalerriko airearen kalitateari eragin diezaiokeela uste du talde independenteak, eta, horren harira, EAJk eta PSE-EE kritikatu ditu, gobernu taldeak "airearen kalitatea ona dela" esan duelako. Herriaren Eskubideak esan hori baztertu du, "Durangoko airearen kalitateko estazioak artsenikoa eta beruna neurtzen ez dituela gogorarazita".
Talde independenteak urte askoan eskatu du Durangon airearen kalitatea neurtzeko sare bat ipintzea. Bestalde, 2018an, Eusko Legebiltzarrera eraman zuten herritarrak babesteko protokoloak sortzeko beharrizana: "Legebiltzarrak onartu zituen arren —nahiz eta EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu—, ia hamarkada bat geroago, Ingurumen Sailak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ez dute legebiltzarraren agindua bete", esan dute.