Durangoko Montorretas enpresako langileen artean alarma guztiak piztu dira urtero egindako analitiketan artseniko maila lehenengoz neurtu eta gero. Apirilaren 23an jasotako emaitzen arabera, zazpi langilek artseniko maila handia zuten, horietatik hiruk oso handia. Muga legez, pertsona batek 35 mikrogramo izan dezake gernu litroko, eta langile kaltetu batzuk 400 eta 200 mikrogramotarainoko mailara heldu dira. Emaitza horien aurrean, Mutuak beste azterketa batzuk egin dizkie behargin hauei, eta emaitzen zain jarraitzen dute. Langileetariko batek ANBOTOri azaldu dionez, beruna neurtzeko analitikak egin izan dizkiete orain arte, baina hau artsenikoari buruzko azterketa egin dieten lehenengo aldia da. Beharginak "arduratuta" daude substantzia honek euren osasunean izan dezakeen eraginagaitik.
ELA sindikatuko Nagore Aizarnak gogor kritikatu du enpresaren jarrera. "Enpresara gaiari buruzko informazioa eskatzera joaterakoan, ez zutela ezer esateko erantzun zidaten. Oso larria da enpresa honetan gertaturikoa. Ikuskaritzara eta Osalanera salaketa bidali nuen", esan du Aizarnak. Sindikatuko arduradunak azaldu duenez, "enpresa honetan prebentzio neurriak ez dira nahikoa, eta, gainera, ez dira hartu".
Bestalde, Osalanek baieztatu duenez, Durangoko enpresan gertaturikoa ikertzen dabil. Montorretas enpresan 32 beharginek lan egiten dute, eta batez ere perdigoiak ekoizten dituzte.