#0km

Honako hauek dira Durangoko merkatuko tailer eta dastaketa berriak

E.H. 2026ko maiatzaren 4a

Dastaketa bat Durangoko merkatuan. DURANGALDEA ELIKADURA

Durangoko Udalak maiatzean zehar merkatua dinamizatzeko programazioaren berri eman du. Jardunaldiak eguenetan eta zapatuetan egingo dituzte, aste honetan hasita.

Eguenetako saio guztiak 18:00etan egingo dituzte. Maiatzaren 7an, adibidez, Euskal Herriko gazten dastaketa gidatua egingo dute, lurraldeko ekoizpenen berezitasunak eta ezaugarriak ezagutzeko. Datorren astean, maiatzaren 14an sukaldaritza tailerra egongo da Arrazolako Amillena jatetxeko arduradunen eskutik. Bertan, sasoiko eta hurbileko produktuekin egindako platerak sortuko dituzte. Azkenik, maiatzaren 21ean, Arabako Errioxako ardo eta olio dastaketa egingo dute, eta maiatzaren 28an, garagardo dastaketa Gara Agro Brewery etxeko zerbeza ekologikoak lagun. 

Zapatuetako jardunaldiak honako hauek izango dira. Maiatzaren 16an, 08:30etik 12:30era Mungiako Germinados Kimuak izango da ekoizle gonbidatua azokan. Bertako kideek ernamuin eta kimu ekologikoak ekoizten dituzte Mungialdean, eta beren lana ezagutaraziko dute jendaurrean. Maiatzaren 23an, 10:00etatik 12:00 etara show cooking saioa egingo dute Txaramela pasta proiektuko kideen eskutik. Erakustaldian, pasta freskoa kozinatzeko sekretuak partekatuko dituzte, barazkietatik eta sasoiko beste elikagai batzuetatik abiatuta. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!