Rhapsody of Fire eta Onslaught, Koba jaialdiko kartelburuak

E.H. 2026ko maiatzaren 4a

Rhapsody of Fire taldea zuzeneko emanaldi batean. CLAUDIA CHIODI

Metal musikaren zaleek hitzordu seinalatua dute maiatzaren 16an Durangon. Koba jaialdiak Plateruenean lur hartuko du lehenengoz, festibala lau urtean Abadiñon egin eta gero.

Antolatzaileak jaialdiko kartela argitzen ibili dira apurka-apurka, eta azken egunotan iragarri dituzte festibaleko hitzordu nagusiak. Italiako Rhapsody of Fire (garai bateko Rhapsody) taldearen power metal sinfonikoa eta Ingalaterrako Onslaught taldearen thrash azeleratua Plateruenean izango dira entzungai zein ikusgai, metalzaleen gozamenerako. Eguneko hitzordurik sonatuenak iritsi baino lehen, baina, giroa behar bezala berotzeaz arduratuko dira beste hainbat talde: Killus espainiarrek metal industrialarekin dardaraziko dute antzokia, eta Murtziako Injector taldeak heavy metal klasikoko melodiak uztartuko ditu thrash erritmorik gordinekin. Euskarazko metal musikaren ordezkaria Txatar talde gipuzkoarra izango da, Legen Beltza taldeko errautsetatik sorturiko taldea. 

Ekitaldirako sarrerak koba-live.com atarian eskuratu daitezke 35 euroan. Halaber, iazko edizioan bezala, antolatzaileek herri bazkaria ere antolatu dute. Txartel hori 20 euroan erosi daiteke. Festibaleko ordutegiak ez dituzte iragarri oraindik. 

Bestalde, festibalak musika taldeen lehia bat ere hartuko du, Izar Records zirkuituko hiru talderen lehia, hain zuzen ere. 11:30etik 14:30era Etorkizun Beltza, Alex de Benito Project eta Shut You On ariko dira. Ekitaldi horretara doan sartu ahalko da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!