"Durangoko pilota klubeko zuzendaritzan jarraituta loturari eutsiko diot"

Joseba Derteano 2026ko maiatzaren 1a

Txaber Zabala Bilbao (Lezama, Zornotzan bizi da, 1979) erreferente bat da Durangaldeko pilota munduan. Durangoko Pilota Eskolaren arduraduna izan da hamarkada bitan, eta eskolak izan duen hazkundea ez dago ulertzerik bera barik. Orain, ostera, etapa berri bati ekin dio. Eskolatik pilota profesionalerako saltoa eman du: Pelota Pro Ligan (ASPE eta Baiko enpresek osaturiko egitura) logistika arduradun hasi da lanean. 

Zerk erakartzen zaitu gehien abentura berri honetatik?
Pilotaren munduak berak erakartzen nau gehien, lan konkretu batek baino gehiago. Mundu honetan lanean egotea beti da pozgarria niretzat. 27 urte eman ditut pilota eskoletan, eta aurrerantzean pilotari profesionalekin arituko naiz. Etapa berri bat da eta ilusioz ekin diot. 

Zeintzuk izango dira zure ardurak?
Pilota jaialdien ardura logistikoa eramango dut: jaialdietan behar diren laguntzaileak, segurtasuna, anbulantziak eta abar kudeatzea, edo frontoiak alokatzeko behar diren eskakizunak betetzea, dela asegurua, dela protokoloa… Gero, frontoirik frontoi ibiltzen naiz astero, dena behar den moduan dagoela segurtatzeko. Orain aste bi Labriten egon nintzen, eta joan zen asteburuan Bilbon, Durangon eta Arrasaten. 

Pilotaren munduan duzun esperientzia zabalak balio dizu eginkizun berrirako?
Hasi aurretik, nahiko kontrolatuta izango nuela uste nuen, baina bai zera! Baleki jendeak jaialdi baten antzean dagoen lan guztia! Gainera, frontoi bakoitzak bere berezitasunak ditu. Ikasten nabil oraindino. Hau beste mundu bat da.

Zer da gatxena zure lanetik?
Azken urteetan frontoira joaten den jende motaren profila aldatu egin da. Jende gazte gehiago joaten da eta hori positiboa da. Gazteak behar ditugu eta frontoira zenbat eta gehiago joan, orduan eta hobeto. Jai giroa sortzen dute pilotalekuan. Despedidak ere egoten dira. Zer gertatzen da? Ba, gaztea horixe dela, gaztea, eta kontrol bat eraman behar da festa giro horrek okerreko bidea hartu ez dezan, partiduak beste giro bategaz, lasaiago, ikustera joaten den publiko mota bat ere badagoelako.

Zelan lortzen da hori?
Oso gatxa da. Normalean kuadrillak izaten dira eta kuadrilla guztietan izaten da giroa nahasten duen baten bat. Horrelakoetan, ulertarazi behar zaio pasatzen dabilela, bere erruagaitik denak kanporatuko dituztela… Iaioa izan behar da hori jakinarazteko ere. 

Durangoko Pelota Eskolako juntan jarraituko duzu, baina arduradun lanak utzita. Pena ematen dizu?
Pena handia ematen dit umeak eta pilotariak uzteak, baina uste dut egunero kantxan dagoenak asteburuetan ere eurekin egon behar duela, botilero lanetan edo partiduei jarraitzen. Astean zehar beharbada izango nuke astia eurekin egoteko, baina asteburuko lana ezin dut bete. Ezinezkoa zait.

Dena ez da lana bizitzan.
Beti esan dut hau bizitzeko modu bat dela, lana baino gehiago. Hemen ez dago erlojurik, lana behar den moduan egin gura bada; ez dago sarrera-irteera kontrolik. Badakizu asteburuetan partiduak edo txapelketak daudela, astean zehar umeak entrenatu behar direla, eta udan ezin direla mutikoak hile osoan egon pilota ukitu barik. Gauza onak ere baditu, jakina, lan gutxiagoko momentuak ere badaude. Ni neu oso pozik aritu naiz. 

Zeren falta igarriko duzu gehien?
Umeekin egotea. Harreman hori, dudarik barik! Pilota eskolan bost urtegaz hartu ditudan zenbait gaztek oraindino ere jarraitzen dute jokatzen, 23 urtegaz. Batzuetan pentsatzen duzu: "Hainbeste lan, hainbeste asteburu, goiz, arratsalde… merezi ote du?". Baina umeak pozik dabiltzala ikusten duzunean, ba jakina merezi duela. Eta gero hemen dagoen giroa pilotarien eta gurasoen euren artean, juntan bertan… Horren falta igarriko dut, bai. Lagun asko egin dut eta hori ez da erraza; eta gutxiago lanean. 

Egon da momentu bat eskolako pilotariekin batu eta esan zeniena: "banoa"?
Bai, momentu hori egon da eta ez da izan une konkretu bat denak batzar berean batuta egindakoa. Ez naiz gauza hori egiteko, negarrez hasiko nintzelako. Apurka esaten joan naiz, orain hauei eta gero besteei. Batez ere pentsatu ez dezaten betiko joango naizela. Pilota klubeko zuzendaritzan jarraituta loturari eutsiko diot.

Zerk sentiarazten zaitu harroen pilota eskolan lortutakotik?
Orain dela hogei urte hona ailegatu nintzenean, pilota eskola hemezortzi-hogei umegaz hartu nuen. Gaur egun ia ehun ditugu; 96 ume, hain zuzen ere. Historikoki, Durangon erreminta-jokoek, palak eta zestak, indar handiagoa izan dute esku pilotak baino, eta nire kargua pilota bultzatzeko eta Durangaldean hedatzeko sortu zen. Nire ustez, bete dugu helburua: gaur egun, ume kopuruari begiratuta, Bizkaiko bigarren pilota eskolarik handiena garela esango nuke, Sopelakoaren atzetik.

Ander Gutierrezek hartu du zure lekukoa. Eskola esku onetan utzi duzu?
Dudarik barik. Ander betidanik egon da lotuta pilota eskolari. Bera izango da arduraduna, nik egiten nuen lana egingo duena. Oso ondo egingo duela uste dut. Astean behin Andoni Aldape mallabitarrak entrenamendu teknikoa egingo du nagusiekin. Andonik esperientzia zabala du: pilotari izandakoa da, Mallabiko pilota eskolan ibilitakoa, Diario Vasco txapelketan antolatzen ibiltzen da…

Klubean gaur egun dagoen juntagaitik ere geratzen da esku onetan. Ikusten ez den lan asko dago: zenbakiek koadratu egin behar dute, gauzak antolatu egin behar dira… Gogotsu dagoen junta interesgarria sortu dugu. Arlo hori ondo beteta dago. 

Urte bian epaile profesional izan zara. Horren falta ere izango duzu?
Bai, handia. Aurrerantzean epaileen kudeaketa eramango dut, baina kantxako lan hori ere gustatzen zitzaidan.

Pilotariak haserretzen zirenean ere bai?
Beti egon dira pilotarien kexak, eta beti egongo dira, baina badakizu hori "zirku" honen alde bat ere badela; ondo egiten baduzu, ondo, eta txarto egiten baduzu, ba txarto. Urdinaren aldeko erabakiak gorria haserraraziko du, eta gorriaren aldekoak urdina. Jokoaren parte da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!