Tabirako saskibaloi klubeko jokalariak eta zaleak emozioz betetako asteburu batean atarian daude. Landako kiroldegian asko egongo da jokoan asteburuan.
Gizonen talde nagusia Lehenengo Nazional Mailako txapeldun geratu daiteke. Liga amaitzeko bi jardunaldiren faltan, lider dago eta garaipen biko aldea du bigarren eta hirugarren sailkatuekiko. Hain zuzen, San Prudentzio hirugarren sailkatuaren kontra jokatuko du domekan, 18:00etan. Irabaziz gero, txapeldun geratuko da, 2024an lortu zuen moduan.
Emakumeen talde nagusiak, berriz, Lehen Nazional Mailako Final Fourrerako sailkapena izango du jokoan. Une honetan laugarren tokian kokatuta dago. Zapatuan, 19:00etan, Unamuno taldea izango du aurkari. Tabirako egiten ari den denboraldi amaiera azpimarragarria da. Azkenengo lau partiduak segidan irabazi ditu. Gainera, garaipen batzuk meritu handikoak izan dira, hala nola, Universidad Deusto Loiola Indautxu liderraren kontra (63-60) eta La Salle hirugarrenaren aurka (46-51) lortutakoak.
