Zaparradek apenas izan zuten etenik atzo, eta gatxa izan zen eguzki izpien epela sentitzea. Baina hala eta guztiz ere, udaberria inoiz baino lehenago ailegatu zen Durangora. Kuir Eztandako kideek Ekuirnokzioa ospatu (eta aldarrikatu) zuten atzo, Euskal Herriko hainbat bazterretatik etorritako kideekin. Herri bizigarriak aldarrikatu zituzten identitate eta sexualitate guztientzat, baita LGTB kolektiboaren borroka historikoa gogora ekarri ere.
Eguerdian hasi zuten eguna, Durangoko Kuir memoriaren ibilbidea eginda. Ibilaldian zehar, 90eko hamarkadako EHGAMeko kideek, Bilgune Feministakoek, bertsolariek eta Atxo Fun Fun tabernako Jon Petralandak parte hartu zuten. Udalerriko LGTB memoriari buruzko azalpenak eta bizipenak partekatu zituzten horiek guztiek. Halaber, Petralandak eta Kuir Eztandak plaka bat ipini zuten garai bateko La Bodeguita del Medio tabernan, Osvaldo Valdes zenaren omenez, udalerrian erreferentziazko LGTB herritarra zenaren omenez.
Behin gaztetxera iritsita, Ines Bermejok eta Julen Nafarretek hartu zuten berba. Getxoztarrek Leire Vargasen eskutik aurkeztu zuten Non daude Getxoko LGTBIQ+ nagusiak? liburua. Eta behin hausnarketa saioak amaituta, bazkaria egin eta Hirukia trivialean jolastu ziren. Arratsaldean, karropoteoan irten ziren Alde Zaharreko kaleetara.
Mokor okerren gaua
Jaialdiak gauean jo zuen goia, eskualdeko drag bik, Maritxu Hankatxu Izurtzako Maria Patiñok eta Igurtzi Serrano Larrinagatxuko pernilek gaztetxean baturikoak zoratu beharrean ipini zituztenean. Drag biak dantza, bakarrizketa eta lip sync artean ibili ziren diva ahaldunduenen pare. Behin gaueko sorpresa amaituta, musika jartzaileak jabetu ziren gaztetxeko dezibelioez.