Zelakoa izango da dastatzea?
Bost garagardo egongo dira. Zerbeza arinekin hasi eta stout estiloko fuerte bategaz amaituko dugu. Garagardoaren historiako kontuak azalduko ditut, baina emakumeen ikuspegitik.
Nondik datorkizu mundu honegazko interesa?
Gogoan dut gurasoekin Alemanian Municheko Hoffrau zerbeza konpainia ezaguna bisitatu genuen eguna. Harrituta geratu nintzen giroagaz eta historiagaz. Gure semeak ere eraman ditut hara; iaz izan ginen! Orain urte batzuk jakin nuen garagardo epaile izan daitekeela, eta hori ateratzen ahalegintzen nabil orain. Mundu horretan Mar ezagutu nuen, La Txika de la Cerveza izeneko zerbeza ekoizten duen bilbotarra, eta haren bitartez jakin nuen emakumeek garagardoaren munduan izan duten garrantzia. Orduan hasi nintzen ikertzen. Esaterako, emakume batek Palentzian egiten duen gargardoa probatuko dugu dastatzean. Palentina Libre deitzen da eta etiketa asko gustatzen zait: emakume bat, bertako janzkeragaz, molotov koktel bat jaurtitzen ageri da. Ingelesek hiria hartu behar zuten sasoian, emakumeek paper garrantzitsua izan zuten hori eragozteko, eta hori irudikatzen du.
Emakumeak garagardo ekoizpenean izandako garrantzia isildua izan da?
Ez da kontatu urte askoan. Erdi Aroa mugarria izan zen, erlijioa eta inkisizioa tartean sartu zirenean. Garagardoa sorginkeriagaz lotu zuten eta emakumeak rol horretatik baztertu behar zirela erabaki zen. Publikotasuna eta baliabide ekonomikoa kendu zizkieten.
Eta Erdi Aroaren aurretik?
Emakumeek Mesopotamiaren garaitik egin dute garagardoa. Ekoizten zuten garagardoak estatus handia zuen: elikagaia zen eta baita bakea ematen zuen edari bat ere. Arima lasaitzen zuen. Orduko jendeak eskerrak ematen zizkion Jainkosari garagardoaren errezeta ematearren.
Garai hartako istorio bat kontatuko didazu?
Hona Egiptoko Jainkoei buruzko bat: Ra jainko egipziarrak uste zuen gizakia bere kontra zebilela. Bere alaba emakume bihurtu, eta Sekhmet izenagaz Lurrera bidali zuen gizakiei kontu hartzeko. Sekhmeten odol goseak ia akabatu egin zuen giza espeziea. Rak, alaba geldiarazteko, garagardoa gorriz tindatu zuen eta huraxe eman zion edateko. Hiru egunean edan zuen garagardo hori, odola zelakoan. Azkenean, Sekhmetek halako mozkorra harrapatu zuen ze, berriro Jainkosa itxura hartu zuela emakume izateari utzita. Horri eskerrak, gizakia anikilaziotik libratu zen.