Durangoko Udalak 2026ko Abesti Feministen VIII. Lehiaketaren bozketa herrikoirako epea ireki du. Lehiaketa Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako jardueren baitan kokatzen da, eta "berdintasunarekin eta eraldaketa sozialarekin konprometitutako sorkuntza artistikoa sustatzea du xede", udalak ohar batean azaldu duenez. Bozketa martxoaren 27ko 12:00ak arte egongo da zabalik, eta udaleko parte-hartze plataformaren bidez egingo da, esteka honetan: https://partehartu.durango.eus/abesti-feministak. Bozketan Durangon erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonek parte hartu dezakete, abesti bakarra aukeratuz.
Lehiaketak abesti feministatzat hartzen du emakumeak edota haien eskubideak ardatz nagusi dituen musika konposizio oro. Ildo horretan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna irudikatzen duten abestiak, genero-aniztasuna eta genero-identitateak ospatzen dituztenak, dauden desberdintasunak agerian uzten dituztenak, maitasuna ahalduntzetik jorratzen dutenak, genero-estereotipoak zalantzan jartzen dituztenak, emakume ahaldunduak aurkezten dituztenak edo historian duten protagonismoa aldarrikatzen dutenak izan dira kontuan, besteak beste.
Edizio honetan, publikoaren babesa jaso dezaketen abestiak honako hauek dira:
- Mirar a otro lado
- Esnatu
- Sekretua
- Only a Prey
- Emakumeon martxa
- Marea Morea
- La vida soy yo
- La vida es ella
- As I am
- Bloom
- Denona da
Sari banaketaren ekitaldia martxoaren 28an, 19:00etan, egingo da, Plateruena Musika Aterpean. Bertan, abesti finalistak zuzenean interpretatuko dira eta proposamen irabazleak jakinaraziko dira.