Durangoko Berdintasun Sailak Abesti Feministen lehiaketa berria ipini du martxan, musikaren bidez genero berdintasunaren aldeko mezuak sustatzeko eta aldarrikatzeko. Egitasmoa Martxoaren 8ko aldarrikapenen zati da, hain zuzen ere.
Epaimahaiak ahalduntzea, sororitatea, genero aniztasuna eta indarkeria matxistaren aurkako borroka jorratzen duten letrak baloratuko ditu. Musika estilo guztiak onartuko dituzte. Abesti bakoitzak hamar minutuko iraupena izango du gehienez.
Izen emateak
Izen-ematea zabalik dago otsailaren 13ra arte. Eskaerak udalaren egoitza elektronikoan aurkeztu behar dira. Udalak jakinarazi duenez, honako hau izango da lehiaketako egutegia:
- Martxoaren 5a: epaimahaiak 12 abesti finalistak aukeratu eta argitaratuko ditu.
- Martxoaren 6tik 27ra: durangarrek abestirik gogokoena bozkatu ahal izango dute partehartu.durango.eus web atarian.
- Martxoaren 28a: finala Plateruenean jokatuko da, 19:00etan. Finalistek zuzenean eskainiko dituzte kantuak, eta sari banaketa egingo da.
Sariak
Lehiaketak hainbat sari banatuko ditu kategoriaren arabera:
- 30 urtetik beherakoak: 600 euro bakarlari zein talde onenari
- 30 urtetik gorakoak: 500 euro
- Sari berezia: publikoaren saria eta euskarazko abesti onenaren saria (350 euro bakoitza). Horrez gainera, aipamen bereziaren saria egongo da (130 euro).