[BIDEOA]: GAR talde durangarrak irabazi du Herri Urratseko maketa lehiaketa

Ekaitz Herrera 2026ko martxoaren 5a

Talde durangarra gailendu da lehiaketako finalera iritsi diren bost taldeen artean. Sari bezala, durangarrek kontzertua eskainiko dute Herri Urratsen, Senpereko aintziran, maiatzaren 10ean.

Herri Urratsen maketa lehiaketa eskualdeko musika talde batek irabazi du: Durangoko GAR pop-rock taldeak. Halantxik jakinarazi dute goiz honetan, Ipar Euskal Herriko ikastolen jaiko arduradunek: "21 taldek eman zuten izena, Badokekin elkarlanean antolatzen dugun maketa lehiaketan. Horietatik bost finalera pasatu ziren: Neutroia, Indigo, Somak, Bisaiak eta GAR. Bada, Badokeko bozketaren ondoren, azken horrek irabazi du aurtengo sariketa, eta talde hori izango da Herri Urratsen, Nafarroa Badok gunean, zuzenean ariko dena". Seaskaren aldeko jaia maiatzaren 10ean egingo da, urtero legez, Senpereko aintziraren bueltan. 

GAR Jon Garcia durangarraren proiektua da, eta eskualdeko beste hainbat kidek esku hartzen dute berarekin, tartean, Liher Granados, Asier Ardanza eta Martzel Vargasek musikariek. Taldea bide polita egiten dabilela esan daiteke, gainera. Izan ere, Herri Urratseko maketa lehiaketa ez ezik, Gaztearen maketa lehiaketa ere irabazi zuten iazko urte amaieran. 

Hitzordua Senperen

Maketa lehiaketako talde irabazlea jakinarazteaz gainera, Herri Urratsek aurtengo bideoklipa aurkeztu du, gaur, Baionako Biltxoko elkartean. Aurtengo kantua Mizel Zamorak konposatu du, eta Haira Aizpuruak jarri dizkio berbak. Musikarien artean, Ipar Euskal Herriko izen ezagunak daude, eta ahotsetan parte hartu dutenek agerian utzi dute abestiaren izaera korala. Pello Armendariz (Skakeitan, Marte Lasarte), Lide Hernando (Liher, Bele), Patxi Casenave (Maskak) eta RTZ kolektiboko kideak arduratu dira abestiari ahotsa jartzeaz.

Ipar Euskal Herriko ikastolen jaiko kideek iragarri dutenez, aurtengo bideoklipa gaur bertan ikusi ahalko da Youtuben, Herri Urratsen kanalean. Bideoa Eñaut Castagnet zinemagile bidartarrak zuzendu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!