Mocker's taldearen doinu espazial, erritmo aldrebes eta abesti luzeetatik aldendu, eta melodia itsaskorrak eta doinu intimoagoak erakutsi zituen lau kanta horietan. Oraintsu kaleratu duen diskoaren aurkezpen gutuna izan ziren horiei lau abesti gehiago batu eta disko osoa kaleratu du GAR-ek: Oraina eskuetan. Zortzi abestik osatzen dute lana. Abenturaren bigarren zati honetan ere, bidelagun izan ditu Liher Granados (baxua), Asier Ardanza (bateria) eta Martzel Vargas (gitarra), eta harro dago, GAR proiektura batzeaz gainera ekarpen humanoa eta musikala egiten diotelako.
Zelako harrera izan dute kaleraturiko lehenengo abestiek?
Musikari dagokionez, jenderik gehienak Mocker's taldeagaitik ezagutzen nau, eta, beraz, GAR proiektuagaz egindako aldaketak izango zuen eraginaren beldur nintzen, estilo aldetik aldaketa nabarmena izan delako, batez ere. Baina, egia esateko, abestiek oso harrera ona izan dute, entzuleek bihotza betetzen duen feedbacka eman digute eta baita indar eta gogo handiagoa ere aurrera egiteko.
Mocker's zaleek zelan hartu dituzte abesti berriak?
Gatx da galdera horri erantzutea. Argi dago Mocker's-egaz egiten genuen musika izerdiz, pasarte desberdinez eta pintzelkada psikodelikoz beteta zegoela, eta GAR, ostera, sakontasunaren, samurtasunaren eta nostalgiaren eskutik doa, energia eta eztanda puntu batzuk ere aurkitu daitezkeen arren. Ondorioz, Mocker's-en jarraitzailerik rockeroenek beharbada ez dute musika hau hain gustuko izango, aldaketa handia delako. Pop-rock musika da eta entzule berrien gustukoa izan daitekeelakoan nago. Ni neu pertsonalki oso rockeroa izateaz gainera, oso poperoa ere banaizela aitortu behar dut.
Abesti berrietan norabide berari jarraitu diozu?
Bai, aurreko lau abestietan jarraitu diodan bide berberari. Abesti berriak konposatzen nabilela aurreratu dezaket, eta oinarrian orain argitaratutakoen antza duten arren, gorputza mugitzera animatzen duten detaileak gehitzen nabil; zuzenekoetara doazenek hauetariko batzuk entzun ahal izango dituzte.
Lehenengo abestiek izandako harrerak baldintzatu egin dute konposaketa?
Lehenengo lau abestiak grabatzera joan ginenean, beste laurak ia amaituta zeuden. Azken detaileak falta ziren, eta, beraz, ez, estudiora bueltatu ginenerako ez ginen baldintzatuta edo presiopean sentitu. Zeozer esatekotan, kontrakoa esango nuke, hau da, lehenengo abestiek izan duten harrera onak bigarren txanda honetarako oraindino gehiago motibatu gaituela.
Zelan baxutik gitarrarako aldaketagaz?
Oso gustura eta eroso sentitzen naiz gitarragaz. Betidanik jo izan dut gitarra, nahiz eta Mocker's-en baxua jotzen aritu naizen. Hain zuzen ere, hamahiru urtegaz kuadrillako lagun batzuekin lehenengo musika taldea sortu genuenean (Kuarto Asalto), abesteaz gainera gitarra jotzen hasi nintzen; beraz, baxua edo gitarra eskuetan izateak zoriontsu egiten nau, aukeran bigarrena gurago dudan arren.
Eta zelan taldekideekin?
Denbora aurrera joan ahala, taldekideen artean dagoen konfiantza handitzen doala igartzen nabil, eta hori oso seinale ona da. Geroago eta gusturago gaude, hobeto elkar ulertzen dugu eta bide onetik goazen seinale da hori. Zorioneko sentitzen naiz, maila handiko musikariz inguratu naizelako orain ere, baina, dudarik barik, taldekide hauen balio pertsonalak pozten nau gehien. Ez da ohikoa hain estilo desberdinetatik etorritako musikariek hain ondo bat egitea, eta horregaitik harro sentitzen naiz Liher, Asier eta Martzel GAR proiektura batzeaz.
Disko osoa kaleratuta, baduzue zuzenean aurkezteko asmorik?
Bai, 2025ean kontzertu bi joko ditugu, oraingoz; lehenengoa azaroaren 16an, Oñatin, eta bigarrena Durangoko Azokako Ahotsenean, abenduaren 7an. Bien bitartean, 2026an emango ditugun kontzertuen datak lotzen eta antolatzen gabiltza. Hala ere, kontzertu hauen inguruko xehetasun eta data berrien informazioa gure Instagrameko kontuaren bitartez (@garmusika) zabaltzen joango gara; beraz, gure abestiak gustuko badituzue, gure kontzertuetara joatera animatzen zaituztegu.