"Durango Beroki sareko abiapuntua izango da, esperientzia pilotua zelanbait"

Ekaitz Herrera 2026ko martxoaren 2a

Elkartasun proiektu berria jaio da Durangon: Beroki sarea. Migratzaileei eta errefuxiatuei harreran laguntzeko sarea da, enpresak eta profesionalak inplikatzen dituena. Boluntarioek ordu biko konpromisoa hartzen dute hilero, heldu berriei lana, esperientzia eta arreta eskaintzeko. Ellacuria Fundazioa dago egitasmoaren atzean, eta Ainhoa Abendaño gizarte hezitzaile getxoztarra da bultzatzaileetariko bat.

Beroki sarea sortuko duzue Durangon. Zer da sare hori?
Elkartasun sare bat osatu gura dugu eta Durango sare horretako abiapuntua izango da. Proiektua esperientzia pilotu modura ulertu daiteke, Durango izango delako Euskal Herriko lehenengo herria Beroki sarean. Eta zergaitik hasi garen Durangon? Ba, hemen pertsona migranteekin lan egiten genuelako lehenagotik, eta, beraz, sare bat daukagulako dagoeneko eta herria bera ezagutzen dugulako. 

Zelan funtzionatuko du?
Ikusten genuen pertsona askok kezka bera partekatzen zutela: boluntariotza lanetarako astirik izan ez arren, prest zeudela euren lantokietan, arlo profesionalean, laguntzeko. Adibidez, fisioterapeuta batek komentatu zigun ez zeukala boluntariotza lanetarako astirik, baina prest egon zitekeela etorri berriei zerbitzuren bat eskaintzeko. Era berean, beste batek komentatu zigun etxe-aldaketetan trasteak ekarri eta eramateko enpresa batean lan egiten duela eta prest zegoela migranteei etxe batetik besterako lekualdatzeren bategaz laguntzeko. Azken finean, sareak gizarte integrazioa eta komunitatea bultzatzen lagundu dezake. Bestalde, honako datu hau argitu gura dut: guk lehendik ezagutzen ditugu pertsona migrante horiek, gure herri eta auzoetako prozesuetatik ezagutzen ditugu. Ez dira ezezagunak guretzat.

Zein pauso emango duzue aurrerantzean?
Orain, proiektua gizarteratzen gabiltza. Honen berri ematen gabiltza han-hemenka, ateak jotzen, jendeari sare honen parte izan daitekeela erakusten. Izan ere, honen guztiaren helburua sare bat sortzea da, gizarteratzea modu honetan ulertzen dutenentzako sarea egitea. Politika egiteko modu bat dela uste dugu. Telebistan agertzen diren migrazio diskurtsoen aurrean, gure herrietan beste modu batera antolatu gaitezkeela uste dugu, ekintza zehatzak egin ditzakegula. Proiektu hau horixe da, hain zuzen ere: ekintza konkretu bat. "Zer egin dezaket nik arlo honetan?". Berokik horretarako aukera eskaintzen du. Hilean ordu biko konpromisoa hartuta, zeozer konkretua egin dezakezu.

Zer esaten dizuete migranteek eurek? 
Guk hau martxan ipini badugu, haiek baliagarritzat jo dutelako da. Esperientziak erakutsi digu asko eskertzen dituztela halako egitasmoak. "Ez nekien halakorik zegoenik", esaten digute batzuek, "proiektu hau egongo ez balitz, nekez etorriko nintzatekeen leku honetara", beste batzuek. Igarri dugu etorri berri batzuek gizartean parte hartu gura dutela, eta zerbitzua jaso duten asko esker oneko agertu direla. 

Eta zer esaten dizuete profesionalek edo boluntario lan hori egiten dutenek?
Parte hartzeko modu bat dela, laguntza eskaintzeko modu bat. Beharbada ez daude elkarteetan, edo ez dute ikastaroak ematen parte hartzen. Bakoitzak bere lanbidetik abiatuta ematen du laguntza, ahal duen moduan.

Baten batek sarera batu gura badu, zer egin behar du?
Nahikoa du gugaz hartu-emanetan ipintzea eta gure web orrira jotzea (www.beroki.org). Han gure telefonoa eta helbide elektronikoa aurkituko ditu. Bakoitzak zertan parte gura duen adierazita, horren arabera antolatu gaitezke. Eta udan, oporretan, edo dena delako egoeran laguntza hori eman ezin bada, daudela lasai, berba egitea da kontua. Lehenago esan dudan moduan, abiapuntuan gaude, ez da egitasmo erraldoia. Apurka-apurka joango gara handitzen. Horixe izan da Durango aukeratzeko beste arrazoi bat. Ez da herri txikia, ez handia. Mugimendu handia dago, badago merkataritza. Eta jendeak elkar ezagutzen du. Beraz, ahalegindu gaitezen elkarregaz eragiten, denon artean emango diogu forma honi. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!