Elkartasun proiektu berria jaio da Durangon: Beroki sarea, hona bizitzera etorri berri direnei gizarteratze prozesuan laguntzeko sare komunitarioa. Proiektuak era honetan funtzionatzen du: enpresek eta alor profesionalen bateko kideek ordu bi hartzen dituzte hilero, etorri berriei lana eta beren esperientzia eskaintzeko.
Eskainitako zerbitzuen artean podologia, ile-apainketa, fisioterapia zerbitzuak, hortz-enpasteak, aisialdia eta denbora librea, edota etxe-aldatzeak, aholkularitza eta konponketa txikiak daude. Hori guztia Beroki sarearen plataforma digitalaren bidez antolatzen dute. Ellacruria Fundazioak adierazi duenez, “lankidetzan aritzea erraza, zehatza eta jasangarria" da. "Nahikoa da zure egunerokoan egiten dakizuna eskaintzea, gure komunitatera iristen den norbaiten bizitzan aldea eragiteko”.
Durangotik Erkidegora
Hasiera batean, Berokik Durangon izango du bere eragin-eremua, lehendik ere sare aktibo bat izan du-eta udalerrian. Hala ere, Ellacuria Fundazioak Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara zabalduko du sare osoa. Fundazioak 18 urte daramatza hiritartasun inklusiboaren alde lanean. Bilbon du egoitza nagusia, eta ehundaka pertsona artatzen dituzte harrera programetan, hizkuntza tailerretan eta eskubideen sarbidean, 200 boluntario baino gehiagoren laguntzarekin.