Zelan jaso zenuen buruzagia izateko proposamena?
Kriskitin taldeko batzordean irten zen nire izena, eta uste dut nire arrebaren, Pili Alberdiren, proposamena izan zela. Kontua da surrandiak asko sakabanatzen direla kalean herritarrak zirikatu bitartean, eta dantza egiteko ordua heltzen denean behar den moduan batzea komeni dela. Orduan, surrandiak batzeko edo, turutagaz irtetea pentsatu zuten. Niri egin zidaten proposamena, eta hasieran pentsatu nuen: "Ai ama! Zelan egokitu zait hori niri?". Ondo egin gura nuen rol hori.
Surrandiak ondo portatu dira? Jaramon egin dizute?
Denerik egon da! (barrez). Egia esanda, euria dela-eta nahiko inauteri tristeak izan dira. 200 puxika kaleratu genituen joan zen zapatuan, baina eguraldiak dena baldintzatu zuen. Edozelan ere, jendea pozarren ibili da merkatu plazan, Andra Marian. Hartza batetik bestera, surrandiak eta herritarrak zirikatzen. Eta ni, ba, pozik turutagaz! Hasieran oso urduri nengoen. Familiak, alabak eta lagunek esaten zidaten: "Aita! Zergaitik ez?". Eta, behin hasita, pozarren. Jendeak buruzagi lanak egiteko itxura aproposa dudala esan dit! Inauterietako batzordeak hala gura badu, prest nago datorren urtean ere buruzagia izateko.
Gainera, nabarmentzekoa da buruzagiarena figura historikoa dela.
Bai. Marisa Barrenak egindako ikerketari eskerrak badakigu Tomas Arana izeneko durangar bat egon zela, eta hark betetzen zituela surrandien buruzagi lanak. Txistulariak egoten ziren, eta haiek musika jotzen zuten. Eta Tomas Aranak turuta bat zeukan, sakabanatuta zeuden surrandiak batzeko eta dantzatzera deitzeko. Orain urte batzuk Abel Iriondok bete zuen funtzio hori, modu esporadikoan. Baina aurten modu kontzientean berreskuratu dugu usadio hori.
Gutxi gorabehera, mende eta erdiko hutsunea dago Tomas Aranaren sasoitik Karmelo Alberdiren sasoira.
Eta, badakizu zer? Posible dela elkarren artean lotura familiarra egotea. Nire koinataren urrutiko ahaidea dela uste dugu. Ematen du halako herentzia moduko bat ailegatu zaidala. Pozik nago.